Ekaitz de Ibero donostiarrak ez du «kartzelako atea joko»

Bihar arteko epea du Ekaitz de Iberok, epailearen aginduz, espetxe batean bere burua aurkezteko. Lau urteko zigorra du betetzeke eta kartzelako aterik ez duela joko adierazi du.

Naiz.info|Donostia|2013/02/05

Auzitegi Nazionalak Donostiako hamabost gazteei ezarritako sei urteko espetxe zigorra otsailaren 13an berrikusiko du Auzitegi Gorenak, tartean Ekaitz de Ibero bera, Segiko kide izatea leporatuta.

Iberok kale borroka ekintza batean parte hartu izana leporatu zioten eta lau urte eta hiru hilabeteetako espetxe zigorra ezarri. Bihar arteko epea du, epailearen aginduz, bere burua espetxe batean aurkeztu eta zigorra betetzen hasteko.

Hamabost gazteek egindako agerraldira De Iberoren hitzak eraman dituzte. «Ez dut kartzelako atea joko», nabarmendu dute. «Euskal Herrian libre eta legalak bizi ahal izateko eskubidea exijitzen dugu, beraz, Ekaitzek ez du inora ihes egingo, Euskal Herrian geldituko da baina espainiar auzitegi batek agindutakoari muzin eginez», ohartarazi dute.

Otsailaren 13an, bestetik, Auzitegi Gorenak hamabost gazte donostiarri (tartean Ekaitz de Ibero bera) Auzitegi Nazionalak Segiko kide izatearen akusaziopean ezarritako sei urteko kartzela zigorra berrikusiko du. Beraz, 13tik aurrera, eta zigorra berresten badute, edozein unetan espetxeratuak izateko arriskuaz ohartarazi dute.

Egoera horren aurrean, harreman bira bat martxan jarriko dute gazte horiek eragile sozial, sindikal zein politikoekin, haien auzia azaldu eta eskubide zibil eta politikoen defentsan babesa bilatzeko asmoz.

Otsailaren 13an, arratsaldeko 19.00etan, elkarretaraztea deitu dute Artzai Onaren plazan ‘Euskal gazteria libre eta legala! Torturarik ez!’ lelopean.