Lanera itzuli dira Bizkaiko gasolindegietako langileak

46 egunetako grebaren ondoren, Bizkaiko gasolindegietako langileek Aevecar gehiengoa duen patronalarekin aurreakordioa sinatu zuten astelehenean eta, beraz, gaur goizeko 6etatik aurrera itzuli dira beren lanpostuetara.

NAIZ.INFO|BILBO|2013/02/05

Astearte honetan, goizeko 6etan, Bizkaiko gasolindegietako langileak lanera bueltatu dira, 46 eguneko grebaren ondoren.

ELA sindikatuaren sektoreko arduradun Luis Fernandezek atzo azaldu duenez, Aevecar patronalarekin sinatutako aurreakordioak «fidelki jasotzen du» joan den ostiralean patronalak egin eta larunbatean langileen biltzarrak onartu zuen azken proposamena.

Bestalde, USO sindikatuko iturriek azaldu zuten sinaturiko testuak «alderdi oso positiboak» dituela, 46 eguneko grebari esker lortuak, eta langileak zoriondu zituen beren «borroka izugarriagatik». Gainera, «hitzarmena behin betiko sinatu arte», oraindik adosteke dauden gainontzeko gaiekin eta sinatutakoa modu egokian aplikatzen den ikusteko erne egoteko eskatu zien.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek eta Aevecar patronalak sinaturiko aurreakordioaren arabera, hitzarmen kolektiboak lau urteko iraunaldia izango du, 2011tik 2014ra, eta EAEko KPIri lotutako soldata igoerak jasotzen ditu. Halaber, ultrajarduera mantentzea ere jasotzen du, besteak beste.