Eider Olazar izango da Azti-Begia elkarteko lehendakari berria

Eider Olazar izango da aurrerantzean Azti-Begia elkarteko buru, bazkideen urteroko batzarrean hala erabaki baitzuten. Horrez gain, Infozazpi irratiaren urteko balorazioa egin zuten, baita 2013. urteko erronkak ezarri ere.

NAIZ.INFO|BAIONA|2013/02/06

Iñaki Altuna izan da orain arte Infozazpi irratia kudeatzen duen elkarteko presidente. Berriki NAIZ atari digitalean zein GARA egunkarian hartutako ardurak direla eta, lehendakaritza uztera behartuta ikusi du bere burua, «lan bateraezinak» direla aitortu zuen Altunak bazkide batzarrean.

Infozazpi irratiak zazpi urte bete dituenean etorri da lehendakaritza aldaketa Azti-Begia elkartean. Iñaki Altunaren arabera Eider Olazarrek bultzada ekarriko dio bai elkarteari, baita irratiari ere, proiektuari lotuta baitago hasieratik. 

Bazkideen aurrean egindako azken hitzartzean, Altunak irratiko zazpi urteen balorazio orokorra egin zuen. Honen arabera, irratiak hasieratik jarritako erronkak bete egin ditu eta aurrerapauso nabarmenak eman dira, hasieratik ardatz izan den oinarri herritarra mantenduz (Azti-Begia elkarteak 2000 bazkide ditu).

Elkarteko presidente ohiaren arabera, beste  komunikabideekin egindako elkarlana eta Arrosa-Sarearen partaidetza ezinbestekoa izan dira. Bestalde, Baietz Fundazioarentzat eta EKHErentzat esker hitzak izan zituen Iñaki Altunak.

Bazkideen batzarrean garrantzi handia hartu zuen lizentzia-banaketaren aferak. Berriki banatu dira emisio baimenak Nafarroan eta EAEn bertan behera geratu dira eta Iñigo Urkulluren gobernuari dagokio orain FM-ko lizentzia-deialdia egiteko ardura.

Bi kasuetan emandako injustiziak nabarmendu ziren batzarrean; Nafarroan Euskal Herria Irratia lizentzia gabe geratu delako, eta EAEn euskararen zabalpenerako giltza izan zitekeen Hamaika irratiaren egitasmoa bertan behera geratu delako.

LOTURAK