EiTBren inguruan «gezurra esatea» eta «manipulatzea» leporatu dio EAJk EH Bilduri

EiTBko zuzendari nagusia aukeratzeko negoziazioen inguruan EH Bilduk «manipulazio argia» egin duela salatu du EAJk. Esan duenez, Laura Mintegik eta Mikel Agirrek atzo egin zuten bileran EAJko ordezkaririk ez zen izan «ez zelako inor deitua izan».

NAIZ.INFO|GASTEIZ|2013/02/06|0 iruzkin
Mikel_agirre
Mikel Agirre atzo, Laura Mintegirekin egin zuen bileratik ateratzen.

Laura Mintegik eta Mikel Agirre EAJk EiTBko zuzendaritzarako proposatu duen hautagaiaren artean izan zen bileraren inguruan EH Bilduk eman duen bertsioa «gezurrez eta manipulazioz beteta» dagoela salatu du EAJk ohar batean.

Jeltzaleek diotenez, bilera horretara ez zen EAJko ordezkaririk joan «ez zelako inor deitua izan».

«Zaila da benetan hitzordura joatea, gonbidapenik jasotzen ez baduzu. Bilera Mintegi andreak berak antolatu zuen Mikel Agirrerekin, EAJ-PNVren ordezkaririk deitu gabe», adierazi du.

EAJk elkarrizketen edukiaren inguruan egin den «erabilpen zakar, manipulatu eta egiaz kanpokoa» deitoratu eta gogor kritikatu du EH Bilduren aurka. EAJri «EiTBrako datu eta zifradun ustezko plan batzuk leporatu izanak, alderdi honetako inork ezer esan ez duenean, agerian uzten du Bilduren bozeramaileak balio eskasa ematen diela egiari eta jardun politikoan behar den elkarrekiko leialtasunari», salatu du.

Era berean, EAJren ustez «argi eta garbi erakutsi du, kalitatezko irrati telebista publikoa, sorreratik euskara eta euskal kultura sustatzeko dituen helburuak betetzen dituena, beti herriaren eta partehartzearen zerbitzura dagoen irrati telebista garatzeko lanean kontrastatzeko eta aurrera egiteko asmorik ez duela» koalizio abertzaleak.

«Hauek baldin badira Bilduren aldetik politikagintzan jarduteko iragartzen ziren joera eta modu berriak, EAJ-PNVk nahiago du bere betiko jardunbidean mantendu, hau da, seriotasuna, egia, eta gainerako alderdi guztiei zor zaien errespetua», amaitu du oharra.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK