Naiz.info
Madril

«Gobernu espainola ez da nor erabakitze eskubidea ukatzeko», Amaiurren aburuz

Amaiurko diputatu Xabier Mikel Errekondoren arabera Kataluniako Burujabetza Adierazpenaren aurka helegitea aurkezteko Madrilgo gobernuak hasi duen prozesua «Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako herritarren eskubideak urratzea da».

Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Errekondok esan du «Espainiako gobernua ez dela nor Galiza, Katalunia eta Euskal Herriari erabakitze eskubidea ukatzeko».

Bere iritziz, «porrot egin duen estatua da espainiarra» eta PPren Gobernuak hasi duen prozesua «espainiar Estatuak bizi duen lurralde krisi eta krisi politikoren adibide garbia da».

Errekondoren aburuz, honek guztiak agerian uzten du «espainiar estatuak duen gabezia demokratikoa» eta «Katalunia, Galiza eta Euskal Herriak erabakitzen dutena errespetatu dezala» galdegin dio PPri.