Euskarazko murgiltze eredua «arriskuan» jartzea egotzi diote Gasteizko Legebiltzarrari

PP, EAJ eta UPyD alderdien babesarekin onarturiko proposamenak euskararen normalizazio bidean «aurrerapauso nabarmena» den murgiltze eredua «arriskuan» jarri duela salatu du ELA sindikatuak. Haurreskoletan gaztelaniaren presentzia areagotzeko eskatu zioten alderdiok Lakuari.

NAIZ.INFO|BILBO|2013/02/08|Iruzkin 1

ELA sindikatuak ohar batez salatu duenez, «oso larria» da haur eskoletan gaztelaniaren presentzia areagotzearen aldeko proposamena, «Euskal Herrian sufritzen dugun egoera diglosikoa eta euskararen normalizaziorako funtsezkoak diren hizkuntza eta hezkuntza politikak ez baitu aintzat hartzen».

«Hego Euskal Herrian, gaztelania herritar guztiek menperatzen duten hizkuntza nagusia da eta, euskara, aldiz, ofiziala izan arren, gutxiengo batek ezagutzen duen hizkuntza gutxitua».

ELAk aldarrikatu duenez, orain arte euskarazko murgiltze eredua izan da EAEko Haurreskoletan garatu dena eta bere hezkuntza esparruan «euskararen normalizazioan aurrerapausoak ahalbidetu dituena».

Sindikatuaren aburuz, EAJ eta UPyDk onarturiko proposamenak eredu hori «arriskuan» jartzen du, «gure hizkuntza sisteman nahiz hizkuntza politikan euskararekiko diskriminazio positiborik egiten ez badugu sekula ez duelako euskarak aurrerapausorik egingo ezta normalizaziorik lortuko ere».

Hori dela-eta, ELAk gogor arbuiatu du onarturiko proposamena, eta alderdi politikoei erabakia zuzentzeko edo erretiratzeko eskatu die eta, hala ez balitz, Lakuari eta Haurreskolak Partzuergoari galdegin die ez dezatela aintzat hartu, «hizkuntza eskubideen eta euskararen normalizazioaren aurka doala ulertzen dugulako».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK