Sortu 23an jaioko da Iruñean, Kongresu eta aurkezpen ekitaldi handi batekin

Hilaren 23an amaituko da Sorturen prozesu eratzailea Iruñeako Baluarten egingo den Kongresuan. Bertan izango dira herri eta auzoetan hautatuak izan diren 450 bat ordezkari, eragile politikoaren ponentziak onartu eta zuzendaritza izendatzeko.

Ramon SOLA|DAONOSTIA|2013/02/08

Sortu sortzeko prozesuak bere azken txanpari ekin dio. Gaur Donostian bere Kongresu eratzailea aurkeztu dute. Hilaren 23an, larunbatean, Iruñean egingo dute, Baluarten hain zuzen ere. Baina osagarria izango du gero, Anaitasuna Polikiroldegian aurkezpen ekitaldi handia egingo dute-eta.

Gainera, bezperan, eta Iruñean hau ere, nazioarteko konferentzia antolatu dute, kongresura munduko hainbat tokitatik datozen gonbidatuekin, gatazken konponbidea ardatz izango duela.

Hasier Arraizek eta Joseba Alvarezek zehaztu dutenez, goizean egingo den Kongresuan auzo batzarretan hautaturiko 450 ordezkari inguruk hartuko dute parte, eta hauetxek izango dira boza emateko eskubidea izango duten bakarrak.

Behin-behiko ponentziak osatu ondoren, barne hauteskundeetan ardura ezberdinetako hautatuak izango diren kideak berretsi beharko dituzte. Hauteskunde hauek astebete lehenago egingo dira auzo eta herrietan, otsailearen 16an; egun horretan maila ezberdinetako bozketak egingo dira.

Herrietako ardurak, beraz, 16an bertan ezagutu ahal izango dira, baina herrialdeko eta nazio mailako arduradunen izenak ezagutzeko 23a arte itxaron beharko da, lehenengo herri eta auzo guztietatik datozen emaitzak bildu beharko dituzte-eta.

Arduradunen izen horien inguruan piztu da hedabideen arreta. Arraizek eta Alvarezek erantzun dutenez, bozketarik egin ez den neurrian, ezin da oraindik ezer aurreratu. Gainera, herri guztiak batuta mila baino gehiago arduradun izendatu behar direla kontutan hartuta, izen-abizenak saltsan egotea normala dela aipatu dute.

Edozein kasutan, horri guztiari garrantzia kendu diote eta ardurak hartzeko jendea ez dela faltako nabarmendu du Arraizek, ezker abertzaleak duen militantzia politikoa nabarmenduz.