Sakonean
Itzuli da Maskarada

Zuberoako kultura indarrean da. Horren erakusle argia da igandean Gamere-Zihigan egin zuten Maskaradaren lehenengo emanaldia. Guztira 13 emanaldi eskainiko dira aurrerantzean, igandero bat, maiatzera bitartean.

Gotzon Aranburu|Gamere-Zihiga|2013/02/11
Maskarada4
Maskaradako dantzariak, Xuletinoan. (Gotzon ARANBURU)

Pier Paul Berzaitz kantariaren hitzak dira: Zuberoa lurralde txikia da, baina kulturaz handia. Artistak esandakoa datuek berresten dute. Euskal Herrikoen artean Zuberoa da biztanle dentsitate txikiena duena, 17 pertsona kilometro karratuko.

Gaindegiak emandako datuen arabera, 1968an 19.616 ziren zuberoarrak, eta 2009an 15.248. Biztanleen adinaren datua ere esanguratsua da: 2009an, 10-19 urteko zuberoarrak 1.497 ziren, eta 80 urtetik gorakoak 1.434.

Txomin Peillen idazlearen arabera, Zuberoa osatzen duten hiru eskualdeetako batek, Basabürüak, 10.000 biztanle zituen 1836an, eta 3.800 besterik ez 1996an. Ordutik hona ez da asko aldatu egoera. «Basaburutar ondoko gehiago dago Parisen, Bordelen, Pauen, Buenos Airesen, Montevideon eta Santiagon, herrian baino», diosku idazleak. Pettarra eta Arbaila dira Zuberoa osatzen duten beste bi eskualdeak. Guztietan ere, gehiago dira adineko pertsonak gazteak baino. Euskara ezin ederragoaren egoera ere, nahi baino okerragoa.

Egoera sozioekonomikoa ilun honen ifrentzuan, kulturaren indarra. Zuberoa ezin biziagoa dago kulturgintzan, kanturako eta dantzarako duen sormen ikaragarriari esker, urrun atxikiz bertako kultura turistentzako ikuskizun folkloriko hutsa izatetik. Kantua, pastorala, ihauteria… bizimolde dira hemen, Euskal Herriko lurralde ekialdekoenean. Joan den igandean egiaztatu ahal izan dugu hori, Zihigan burututako maskarada ikusgarrian.

Jakina denez, iaz ziren Gamere-Zihigako gazteak maskarada egitekoak, baina herrian izandako ezbehar larri bat zela medio, bertan bertan utzi zuten asmoa, eta ikastoletako ikasle ohi talde batek egin zituen hainbat emanaldi. Urtea pasa da, eta oraingoan bai, hainbat mustraka (entseo) egin eta gero, oraingoan indarrez irten dira zuberotar gazte horiek igande goizean, «barrikada haustea» egitera. Herriko etxe nagusiak bisitatu dituzte, eta han jatekoak eta edatekoak hartu, Nafarroa Garaiko Zubietan eta Iturenen «puska biltzea» egiten den bezalaxe. Garai batean benetako barrikadak jartzen omen zituzten kaleetan, eta hortik izena.

«Xorrotxak»

Garai zaharrak aipatuta, esan behar da 80 lagun ere biltzen zirela maskarada egiteko, baina ulertzekoa da, hasieran emandako datuei erreparatuta, egun horrelako jende multzoa biltzea ezinezkoa dela. Gaur, esaterako, hogeita hamar bat gizon-emakumek eskainiko dute ikuskizuna, eta horietako batzuk kanpokoak dira, Irurikoak; Gamere-Zihiga herri euskalduna da, baina oso txikia, ehun eta hogei biztanle baino ez baititu. Beste ezberdintasun bat ere bada. Garai batean gizonek bakarrik hartzen zuten parte maskaradan, horietako batzuk emakumez mozorrotuta, baina gauzak aldatu egin dira; gaur bi neska izango dira «xorrotxak», zehazki Justine Ager eta Maider Larrori, biak ere ahots apartekoak. Ez da aurreneko aldia, duela sei urteko Mauleko maskaradan ere hala izan baitzen. Eta, jakina, 1992an Eskuila herriak eskaini zuen emakumeez bakarrik osatutako maskaradan.

Goizean etxez-etxe jasotako janariak eta edariak dastatzera bildu dira maskaradako kideak Gameren, bailaran. Hiruetan Zihigara abiatu dira, aldapan gora, mendixka batean baitago auzoa. Ikusleak ere orduan iritsi dira, berrehundik gora, gehienak herrikoak eta Basabürüakoak. Hegoaldeko dozena pare bat ikusle ere badira hemen. Arropa deigarriak, aurpegiak belztuta, oihuka… Sarrera ikusgarria egin dute Zihigan. Euriaren beldur, aterpea prestatua zegoen, baina eguraldi polita egiten dute arratsaldeko lehen ordu honetan eta maskarada plazan egitea erabaki dute. Aulkiak jarri, traban zeuden autoak tokiz aldatu, eta dena prest da.

Dantzariek Jean Pierre Rekalt izan dute errejenta, eta xorrotxen eta kantarien aholkulari Jean Louis Aranburu aritu da, biak ere eskarmentudunak eginkizun hauetan. Aktoreetako batzuk ere aurretik maskaradetan aritutakoak dira, esate baterako Jaunaren rola egin duten Serge Ager eta Nicolas Urruti; aurrenekoa Ligiko maskaradan Kabana Handia izandakoa da, eta Urruti 2007ko pastoraleko pertsonaia nagusia izan zen.

Bi talde nagusitan

Maskaradaren estrukturari dagokionez, partaideak bi talde nagusitan banatzen dira: gorriak eta beltzak. Aurrenekoak dotoreak eta txukunak dira, horietako batzuk oso dantzari onak, jende lasaia. Gorrien artean daude txerreroa, gatüzaina, zamaltzaina, jauna eta anderea, maretxalak… baita küküileroak ere, umeak oraindik eta beraz ezer gutxi egiten dutenak, ikastea ez bada, etorkizuneko maskaradako protagonista izateko. Beltzak, berriz, zikinak eta bazter nahasleak dira, inor bakean uzten ez dutenak. «Pitxu» da zirikatzaile nagusia, Mixel Garikoitz aurten. Beltzek «hojalatero»arena egiten dute eta Kabana Handia dute buru, aurten Mathieu Tauzin. Buhameen erregea, berriz, Benoit Tauzin da. Beltzen artean, gehienek ondo hitz egiten dute euskaraz, eta hizkuntza menperatzen ez dutenak xorrotx jokoan edo dantzari aritu dira.

Hiru orduko ikuskizuna izan arren, ikusleei ez zaie luzea egin, etengabeko irrian egon baitira, protagonisten txanzak eta ateraldiak entzunda. Inguruko mendietan elurra ikusten den arren, Zihigan eguraldiak lagundu egin du, arratsaldean osoan ateri eutsi baitio, ikuskizuneko azken minutuak kenduta. Protagonistek eta ikusleek, bat eginda, kantuan eman diote 2013ko aurreneko maskarada honi.

Europatik etorria

Maskarada noiz sortu zen ez dago argi, baina badirudi Europatik etorria dela Zuberoara, XVI. mendean. Ijitoen erritual bateko zati direna uste duenik ere bada, esaterako ‘Les Bohemiens’ liburuaren egilea Nicole Lougarot. Garbi dagoena zera da, urtero herri batek eskaintzen duela ikuskizuna, hainbat asteburuz. Lehen, urtarrilaren aurreneko egunean hasten ziren emanaldiak, baina orain atzeratu egin da hasiera data, bistan denez.

Guztira, 13 maskarada egingo dira aurten Zuberoan, igandero bat, maiatzera arte. Datorren igandekoa Ligin izango da, eta hurrengoak Arrokiagan, Atharratzen, Barkoxen, Zalgizen, Alozen, Urdiñarben, Larrainen, Altzain, Ozaze-Züharan eta Gameren. Baina ez dute 13 emanaldirekin geratu nahi, eta zenbaki txarra hausteko hamalaugarrena eskainiko dute, Hondarribian, maiatzaren 25ean. Hala, eskolako azterketa garaia iristerako ikasteko libre izango dira gazte zuberotar hauek.

LOTURAK