Espetxe politikaren inguruko testua berriro bozkatuko du Gasteizko Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak jakinarazi duenez, espetxe politika aldatzea eskatuz onartu zuten testua berriro bozkatuko dute. PSEko parlamentari batek nahi gabe baiezko botoa eman zuelako atera zen baiezkoa.

NAIZ.INFO|GASTEIZ|2013/02/12|Iruzkin 1
20130212_tejeria
Bakartxo Tejeria, Gasteizko Legebiltzarreko presidentea. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Bakartxo Tejeriak Legebiltzarreko Mahaiari adierazi dionez, hurrengo osoko bilkuretako batean bozkatuko da berriro espetxe politikaren inguruko ekimena.

Iragan astean, Gasteizko Legebiltzarrak bestelako espetxe politika bat aldarrikatu zuen. Lehen bozkaketan, berdinketa eman zen, EAJren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta PSE, PP zein UPyDko parlamentarien ezezkoarekin.

Bigarren bozketan, baina, PSEko parlamentari Blanca Roncalen botoa ez zen behar bezala erregistratu, eta testua onartu egin zen.

Tejeriak hasiera batean gauzak bere horretan uztea erabaki zuen arren, bozketa errepikatu egingo da, bere inpartzialtasuna eta Ganberaren funtzionamendua auzitan jartzerik nahi ez duelako.

Frogatu egin zen, gainera, akatsa Roncalena izan zela, eta ez sistemarena.