Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako eredua jokabide on gisa aztertuko dute Bruselan

Hondakinen kudeaketaren alorreko jokabide onak aztertzeko mintegia egingo dute Europako Parlamentuan heldu den martxoaren 7an eta Gipuzkoako eredua haien artean izango da. Foru Aldundia gonbidatu gisa joango da.

Naiz.info|Donostia|2013/02/13

Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako eredua jokabide on bezala aztertuko dute Europako Parlamentuan, martxoaren 7an, Europako Batasuneko Ingurumen komisario Janez Potocnik-ekin batera. Gipuzkoako Aldundia bertan izango da, gonbidatu gisa. 

Martxoaren 7ko mintegian, tokiko hiru esperientziaren berri izango dute Europako legebiltzarkideek: Italiako Cappanori udalerriarena, Flandriakoa eta Gipuzkoakoa. Cappanori aitzindaria da zero zabor norabidea eta atez ateko bilketa sistema ezartzen; bertako alkatea ariko da Bruselan. Flandriak, bestalde, %75 inguruko birziklatze tasa du. Flandriako Ingurumen Agentzia Publikoaren ordezkaritza batek hitz egingo du Europako Parlamentuan.

Aldundiak jakinarazi duenez, Gipuzkoak hiru gai nagusi jarriko ditu mahai gainean Bruselan: lehenik, Foru Aldundiaren estrategia, errauskailua eta zabortegi kutsakorrak alde batera uzten dituena; bigarrenik hainbat herrik atez ateko bilketa sistemaren bidez lortu dituzten birziklapen maila altuak eta azkenik, zero zabor herri bihurtzeko zenbait udalerri egiten ari diren bidea. Esperientziaren berri emateaz gain, Gipuzkoako ordezkaritzak bitariko bilerak egingo ditu ondoren.