Joxe Arregi omenduz, torturaren aurkako ekitaldia egingo dute igandean Zizurkilen

Orain 32 urte torturapean hil zen Joxe Arregiren omenez ‘Egia bide, askatasuna amets’ lelopean ekitaldia egingo dute igandean Zizurkilen. Bertan, «torturaren erabilera sistematikoa eta haren ondorio tragikoak» agerian jarriko dituzte.

NAIZ.INFO|ZIZURKIL|2013/02/13
20130213_tortura_zizurkil
Ekimena aurkezteko eman duten prentsaurrekoa. Irudian, Joxe Mari Luengo (Zizurkilgo alkatea), Izaskun Iantzi (Gurutze Iantziren ahizpa), Eba Usandizaga (zinegotzia) eta Maribi Arregi (Joxe Arregiren arreba). (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak, Eva Usandizagak eta torturapean hil zirenen senide diren Maribi Arregi eta Izaskun Iantzik prentsaurrean azaldu dutenez, orain 32 urte torturapean hil zen Joxe Arregi omentzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako.

Tortura urte askotako kontua dela adierazi dute prentsaurrean eta askatasunaren bila jarduteak «ondorio latzak» eragin dituela gogorarazi dute. Horregatik, torturatzaileei «kontuak» eskatuko dizkietela azaldu dute.

Etorkizuneko justiza «egia eta memoria kolektiboaren» gaineran eraiki behar dela aldarriaktu dute eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izatetik «oso urrun» gaudela azaldu dute. «Gatazka eta beronen ondorio guztiak konpontzeko gakoa egia guztiak aitortzea da», gaineratu dute.

Gauzak horrela, mendi martxa eta ekitaldi politikoa antolatu dituzte iganderako. Goizeko 9.00tan abiatuko dira ‘Haizetsu’ aldera, ondoren, 13.00etan, ekitaldi politikoa egiteko, Joxe Arregi plazan.

Ekitaldia ‘Egia bide, askatasuna amets’ lelopean egingo dute eta, bertan, «torturaren erabilera sistematikoa eta haren ondorio tragikoak» agerian jarriko dituzte. Gatazka armatu eta politikoaren oinarriak finkatzeko «funtseskoak» diren gai batzuei heldu nahi diete eta, bereziki, gatazkak eragin dituen ondorioak nabarmenduko dituzte.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK