Naiz.info
Baiona

Jimmy Cliff, Willis Drummond eta Fermin Muguruza, besteren artean, izango dira EHZn

Aurtengo Euskal Herria Zuzenean festibalean, besteak beste, Jimmy Cliff, Willis Drummond, Fermin Muguruza, Belako, Zuloak eta Les Ogres de Barback taldeak izango dira taula gainean. Bestalde, Willis Drummond eta Fermin Muguruzak osatuko dute aurtengo edizioko kanta.

EHZko antolatzaileen agerraldia, Baionan. (Gaizka IROZ)
EHZko antolatzaileen agerraldia, Baionan. (Gaizka IROZ)

Jimmy Cliff reggae kantari ezaguna izanen da aurtengo nazioarteko izarra Lekornen eginen den Euskal Herria Zuzenean festibalean. EHZ elkarteak Baionan egin duen agerraldian ekainaren 28tik 30era egingo den festibalaren programazioaren zati eman du ezagutzera.

Jamaikar kantariaz gain, euskal ordezkaritza zabala ere izanen da: Wilis Drumond, Fermin Muguruza, Zuloak, Belako eta Herri Oihua. Les Ogres de Barback taldea berriz ere hurbilduko da EHZra. Euskal Herria Zuzenean festibalaren 18. edizioari oihartzun handiagoa emateko kantua prestatzen ari dira Willis Drummond taldea eta Fermin Muguruza musikaria.

Heletan eginiko ibilbideari amaiera emanez Lekorne plantatuko da aurten EHZ. Festibala Garroko gazteluaren inguruan izanen da, herriko etxeko eremuetan. Joan den urteko edizioak utzi zuen gustu «gazi-gozoak» eraman ditu laguntzaileak eta zuzendaritza erabaki hori hartzera, Kazeta.info webguneak berri eman duenez.

Edizio berri hau hainbat eremutan EHZren sorrera ikusi zuen Arrosako garaietara hurbilduko da. Festibalarendako kantu berezia izanen da horietako bat: Egun klasiko bat bilakatu den ‘Arrosako Zolan’ kantuaren bideari jarraiki Willis Drummond eta Fermin Muguruzak martxoan grabatuko dute aurtengo sintonia, eta apirilaren 1ean irrati guztietan entzungai izanen da.

Aurrekontu apalagoa

Zifretan ere, garai horietara bueltatuko da. 50.000 eurotan murriztu den aurrekontuak eguneroko sarreren kopuruaren beharra ere jaitsi du. Lekornera egunero 4.000 pertsona inguru hurbiltzearekin aski izanen du elkarteak gastuak estaltzeko. 570.000 euro baliatuko dira aurten dena antolatzeko.

Azkenik, gunearen antolaketak lehen garaiak ekarriko ditu gogora. Garroako gaztelua ondoan izateak Heletan sortutako dinamikari jarraipena emanen dio.

Agerraldi horretan, festibalak izanen duen nortasun bisual berria erakutsi dute, artza izanen da aurtengo imagina. Euskal kulturan duen garrantzia eta animaliaren independentziak eraman ditu kartelaren irudi gisa aukeratzera. Txapeladun artzak tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu.

Artza eta auzolana

Auzolana izanen da gai nagusia. Gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoeraren kontzientzia harturik, herri bat sortzeko auzolanaren beharra azpimarratu dute. Gaia jaialdian zehar nola gauzatuko den oraindik ez bada guztiz zehaztu ere, hainbat eragilerekin harremanetan dira.

Sarrerak eskuratzeko eskeintza berezia abiatu dute gaur, hilabete batez 1.000 sarrera eskuragai izanen dira hiru egunengatik 45 euro ordainduz. Hilabetea bukatzean, sarrerak 55 eurotan izanen dira. Festibalean bertan 65 eurotan salduko dira.