Aiert Goenaga
Durangoko Azokako zuzendari ohia

Edizio bat baino ez du egin Durangoko Azokako zuzendari karguan. Otsailaren 7an jakinarazi zion Gerediaga Elkarteak Aiert Goenagari (Ondarroa, 1981) kargutik kentzea erabaki zuela, eta herenegun egin zen albistea publiko. Zuzendaritzak bere jokabideari buruz egindako «akusazio larria gezurtatu» nahi izan zuen atzo.

«Dena kontrolpean izan nahi dute, guztiari beraien azken hitza eman»
@gara_anearruti|Donostia|2013/02/15|0 iruzkin
Arp_111209_740239
Bai, uztailean kanporatua izan nintzen. Horrek erakusten du, beste behin, zintzo jokatzen ez dabiltzanak beraiek direla.
Mahai gainean jarri zituzten arrazoiak okerrak zirela erakutsi nien. Lan batzuk ez nituela egin aipatzen zen, baina lan horiek eginda zeudela erakutsi zen. Berriro barrura sartu nintzen eta orain otsailean berriro kanpora.

«Eraso pertsonal batekin itxi nahi da auzia, nire pertsonarengan izan ditzakeen kalteetan erreparatu gabe», aldarrikatu zuen atzo Aiert Goenagak komunikatu baten bitartez. Bere esanetan, «boterekeria» dago Gerediaga Elkarteak bere zuzendari kargua ez berritu izanaren atzean. Elkartearekin «zintzo ez jokatzea» leporatzen diote eta galera ekonomikoak ere argudiatu dituzte. Goenagaren ustez, ordea, «eredu parte hartzaile horizontala eta eredu bertikal zaharkituaren arteko talka da arrazoia. Ohiko erabaki guneak kolokan ikusi eta elkarlana subkontrata ereduan kudeatuko ez nuela konturatzean martxan jarritako kanpaina».

Kaleratzearen arrazoi nagusitzat ereduen arteko talka aipatzen duzu, boterekeria; zein motatako talkak izan dira?
Zuzendaritza eta nire arteko talka izan da. Eredu horizontala aplikatzerako orduan, koordinazio mahaia eta abar jarri ziren martxan. Hor azkenean erabaki batzuk hartzen zoaz eta erabaki horiek jakinarazten doazen heinean, beste erabaki gune batzuk konturatzen dira dagoeneko ez dutela erabakitzeko eskumen guztia. Bidean zehar joan gara ohartzen ez geundela batere ados. Azkenean, maiatzetik honantz gauza asko gertatu dira.

Tartean, lehen ere kanporatua izan zinen.
Bai, uztailean izan zen. Horrek erakusten du, beste behin, zintzo jokatzen ez dabiltzanak beraiek direla. Prentsa oharrean badirudi aurtengo Azokaren ostean hartutako erabaki bat izan dela, alde ekonomikoak pisua izan duela eta ez dudala zintzo jokatu. Eta hori horrela balitz, uztailean bertan kanpoan egongo nintzateke. Uztaileko kanporaketa suertatu zenean, egoera ekonomikoa edo balorazioa egiteko zegoen. Hor ikusten da kontraesanetan sartzen direla.

Zer dela eta onartu zintuzten berriro?
Mahai gainean jarri zituzten arrazoiak okerrak zirelako, erakutsi nielako okerrak zirela. Lan batzuk ez nituela egin aipatzen zen, baina lan horiek eginda zeudela erakutsi zen. Berriro barrura sartu nintzen eta orain otsailean berriro kanpora.

Zein izan da zure ibilbidea Gerediaga Elkartean?
Zuzenean zuzendari izateko kontratatu ninduten, 2011ko ekainean, eta uztailean bertan hasi nintzen lanean. Hausnarketa estrategiko horretan parte hartu, eragileekin egon, informazio hori guztia barneratu, eta behin abenduan ofizial egin zenean, horren gainean lanean hasi, nahiz eta aurretik funtzio batzuk hartuak nituen. Jon Irazabal zuzendari zen bitartean pixka bat atzetik, eta behin ofiziala egin zenean, kargutik.

Koordinazio mahaia zuk bultzatu zenuen?
Eskari historiko bat zen eta nik eskari horri erantzuna besterik ez nion eman.

Kontrako ahotsak izan zituen?
Momentuan ez. Baina koordinazio mahaia gorputza hartzen doan heinean eta berez behar duen funtzionamendua hartzen doan heinean, eta elkarlan bat bultzatzeko dela kontuan hartuz, garbi dago hor erabaki batzuk hartuko direla. Erabaki guztiak hartzetik erabaki batzuk ez hartzera, tartea dago. Eta hori izan da honen guztiaren bilakaera arrazoitu duena.

Ez duzula zintzo jokatu dio Gerediagak. Zertan ez duzu zintzo jokatu? Zehaztu dizute?
Ez, neuri eman didaten bertsio ofiziala da etxe barrurako lanak ez nituela ondo egin, eta beste aldetik, niganako konfiantza galdu zutela. Baina niri ez zidaten aipatu zintzo jokatu ez nuenik. Hori atzo [herenegun] zabaldu zen eta irakurketa garbi bat dauka: beraien erabakiak ez dauka oinarri finkorik eta Aierten gaineko eraso pertsonal batekin bukatuko dugu eta kitto.

Zeintzuk dira etxe barrurako lan horiek?
Dena kontrolpean izan nahi dute eta guztiari beraiek azken hitza eman.

Uste baino galera ekonomiko handiagoak egon omen dira.
Ez da izango guregatik. Inoiz baino aurrekontu gutxiagorekin gehiago egin dugu. Nik gutxi gehiago esan dezaket, kudeatzaileari galdetu beharko zaio zuzenean ea zein den bere lana eta dirua zaintzearen aldera zer egiten duen. Aurrekontuak eta proiekzioak egiten dituenean zein irizpide jarraitzen dituen, galerarik aurreikusten duen eta galeraren gaineko zer neurri hartzen dituen. Hor nik gutxi dut esateko. Guk aurrekontu bat geneukan eta horretara mugatu gara. Zuzendaritza jakitun izan da. Hainbat jende dago hor informazioa izan duena eta badaki dirua non xahutu den eta zer-nolako inbertsioak egin diren. Orain auzi ekonomikoa nire gain uztea beraien estrategia bat da, nonbaitetik irten behar dutelako. Gainera, esan bezala, uztailean ere erabaki hau hartu zuten. Eta orduan ez zegoen galerarik.

Harritu gaitu datu honek, Azokako balorazioan oso bestelako datuak eman zenituzten.
Hemeroteka hor dago. Zerbait esan behar zuten, arrazoiak nolabait justifikatu behar zituzten eta erarik okerrena aukeratu dute, ez diren gauzak esanaz.

Aipatzen duzu oharrean, ez duzula Azokaren baloraziorik irakurtzerik izan.
Neuri zuzenean helarazi dizkidatenak bai, baina orokorrean iritsi direnak ez. Informazio hori debekatu egin zidaten, ez niri bakarrik, Jon Irazabali eta beste batzuei ere bai. Hor ikusten da zuzendaritza honen estiloa.

Gerediagak bidalitako oharren bi bertsio egon direla diozu; guk ez dugu lehenengoaren berririk.
Komunikatu bat iritsi zitzaien argitaletxeei nire kaleratzearen berri emanaz. Eta bertan nabarmentzen zen, besteak beste, beraien balorazioak irakurri ostean izan dela, argitaletxeen balorazioak pisua izango balu bezala. Hau da, komunikazio kanalen arabera ikusten da nola arrazoi ezberdinak mugitu diren. Aurrena niri emandako arrazoiak izan ziren, gero argitaletxeei emandakoa eta gero komunikabideei bidalitakoa. Hiru momentu ezberdin, hiru arrazonamendu ezberdin.

Gerediagak eta gune ezberdinetako ordezkariek bilera dute. Zer espero duzu?
Azokaren eredua salbatzea eta bertan batuko diren eragile guztiak pozik gelditzea. Honek zer suposatzen duen ez dakit. Buruan baditut ideia batzuk baina momentu honetan proiektutik kanpo nago. Gutxi dut esateko.

Babes handia jaso duzu sare sozialetan eta Gerediagako zuzendaritza guztia ere ez dago ados zure kanporatzearekin.
Ez dakit indar korrelazioa zenbatekoa den, argi dago gehiengoa kaleratzearen aldekoa izan dela, baina bai, Gerediaga barruan ere bada nire lana ikusi duenik, eta hori eskertu besterik ez daukat.

Zenbait gunetako arduradunak ere zure alde agertu dira, datorren urtean ez parte hartzeko aukera ere aipatu dute.
Horrek erakusten du urtean zehar zer lanketa egin dugun eta eragileek zeren aldeko apustua egiten duten. Eragile horiek duten pisua izanda erabaki horiek hartuko balituzkete, atzean zerbait dagoen seinale. Orduan hemen leporatzen diren gauzak akaso bueltan joango zaizkie batzuei.

Bueltatzeko itxaropenik?
(Barre egiten du). Proiektua da lehena eta hala beharko balu pentsatuko zen, baina printzipioz, urruti ikusten dut aukera hori.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK