NAIZ.INFO
MADRID

Hiru independentista kurdu espetxera bidali ditu Pedraz epaileak, PKK finantzatzea egotzita

Entzutegi Nazional espainoleko epaile Santiago Pedrazek hiru kurduren espetxeratzea agindu du, PKK finantzatzea eta «talde terroristako kide» izatea leporatuta. Beste hiru lagun, aldiz, aske utzi ditu, zenbait baldintzarekin.

Aste honetan zehar atxilo hartu dituzten sei kurduak galdekatu ditu Pedraz epaileak, eta horietako hiru espetxera bidali.

Beste hiruak aske utzi ditu, baina hainbat neurri ezarri dizkie, hamabostero epaitegian sinatu beharko baitute eta ezin izango dutelako Estatu espainoletik atera.

Lau lagun Madrilen atxilotu zituen Poliziak eta beste bana Murtzia eta Bartzelonan. Hamaika miaketa egin dituzte.

Polizia espainolaren arabera, sei lagunak Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) kideak dira, eta Estatu espainolean hura finantzatzeko lanak egiten zituzten.

Paraleloki, Estatu frantsesean beste 16 kurdu atxilotu dituzte aste honetan.

Bi operazio hauen harira, Turkiako lehen ministro Receep Tayyip Erdoganek PKK-ren ustezko kideen estradizioa galdegin die Gobernu espainol zein frantseseko ordezkariei.