Estatuak tortura «sistematikoki» erabili duela salatu dute Joxe Arregiren omenaldian

 «Egia bide, askatasun amets» lelopean omenaldia egin diote Joxe Arregiri Zizurkilgo plazan. 32 urte pasa dira torturaren ondorioz hil zenetik.

Naiz.info|2013/02/17|0 iruzkin
20130217_zizurkil
Torturak hildako euskal herritarrak gogoan izan dituzte Zizurkilen. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Torturaren ondorioz hil diren euskal herritarrak gogoan izan dituzte Joxe Arregiren omenez Zizurkilgo plazan egindako omenaldian. Mercedes Antxeta, Manuel Tomas, Antonio Goñi, Juanjo Munduate, Alfredo Valcarcel, Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsororen senideek arrosa zuria jaso dute Joxe Arregiren arreba Maribirekin batera.

Egiari Zor fundazioko Nagore Mujikak nabarmendu duenez, euskal herritar ugarik pairatu dute Estatuaren indarkeri hau. Azaldu duenez, egiaztutako 4.800 kasu daude, baina 10.000 pertsona inguru izan daitezke tortura pairatu dutenak.

Ildo horretan, dei berezia luzatu die Lakuako Gobernuari eta Gasteiz eta Nafarroako parlamentuetan ordezkatuta dauden alderdiei eta guztiei indarkeria ezberdinek eragindako «biktima» guztiak onar ditzaten. Gaineratu duenez, bakean oinarrituriko etorkizuna eraikitzeko Estatu espainolak tortura sistematikoki erabili duela onartzea ezinbestekoa izango litzateke.