ETAren adierazpena «onartezina» eta «negargarria» dela iritzi dio Lakuako Gobernuak

Lakuako bozeramaile Josu Erkorekak ETAk Parisko Auzitegian egindako adierazpena «negargarria» dela nabarmendu du. Bere ustez, «onartezina» da biktimak mailakatzea eta afera horretan diskrezioz jokatzeko eskatu du.

Naiz.info|Gasteiz|2013/02/19|6 iruzkin
Erkoreka
Josu Erkorekaren aburuz «onartezina» da ETAk Parisko Auzitegian egindako adierazpena. (Raúl BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Erkoreka Gobernu Kontseilua amaitu ondoren mintzatu da atzo ETAk Parisko Auzitegian egindako adierazpenaren inguruan. Bere ustez, biktima guztiek «begirune berbera» dute eta Lakuako Gobernuak «ezin du onartu biktimak mailakatzea eta, are gutxiago, haietako batzuekin gertatutakoa justifikatzeko».

Garikoitz Aspiazu Rubinak irakurritako adierazpenak «ikuspegi guztietatik onartezinak» direla nabarmendu du Lakuako Gobernuko eledunak. «Lekuz kanpo daude eta guztiz soberan, batez ere egungo egoeran, guztiok lan egin beharko genukeen helburuak beste bat izan behar lukeenean».

Bere iritziz, «biktima guztien eta sortutako minaren onartzeak» mahai gainean behar luke dagoeneko.

Erkorekaren aburuz, ETAk «keinu berriak» zor dizkio euskal gizarteari, honek «galdegiten dizkiolako».

Lakuako Gobernuak eta bereziki, Iñigo Urkulluk lehendakaria «harreman iraunkorrak» mantentzen ditu «bakearen kudeaketan zerikusia duten eragile guztiekin».

Bere Exekutiboak «bakearekin konpromiso finkoa» duela ohartarazi du eta diskrezioz lan egitera deitu ditu eragileak.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK