Bilboko Liburutegi Digitala, hamaika testu eskura klik batez

Bilboko hiribilduarekin loturiko materialak hedatzea eta udal ondare bibliografikoa ezagutaraztea ditu helburu udal liburutegi sareak abian jarri duen sarrera irekiko gordailu digitalak. 2005ean hasitako prozesuari esker, 18.000 dira jadanik digitalizatuta dauden objektuak.

alvaro HILARIO|BILBO|2013/02/20
Screen_shot_2013-02-20_at_11
Bilboko Liburutegi Digitala (NAIZ.INFO)
Bilboko Liburutegi digitalaren abiapuntua Bidebarrietako Liburutegiko ondare bibliografikoko funtsek osatzen dute: XVI. eta XIX. mendeen arteko liburuak eta liburuxkak, gehienak bertako gaiei buruzkoak, eta Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen partiturak.

Abian dago jada Bilboren gaineko mota guztietako testuak eta bestelako materialak kontsultatzeko, zabaltzeko eta ezagutarazteko balio duen Bilboko Liburutegi Digitala (BLD). BLD Bilboko Udal Liburutegien Sareak martxan ipinitako sarrera irekiko artxibo digitalen gordailua da eta udal ondare bibliografikoa kontserbatzea ere ahalbideratzen du.

2005ean hasitako prozesuari esker 18.000 dira jada digitalizatuta dauden objektuak, eta horietako gehienak Bidebarrietako Liburutegiko Funts Zaharrekoak (XVI-XIX. mendeetako testuak gordeta dituena) dira. Aurten, 60.000 orrialde gehiago digitalizatzen hasiko da.

Egitasmo irekia

Egitasmoak aurrera jarraitzen du 2012. urte amaieran Kultura Ministerioak urtero ematen duen diru-laguntza jaso izanari esker, erakunde publiko batek arlo honetan jasotako diru-laguntzarik handiena izanik.

Gordailu digitala unibertsitateek erabili ohi duten baliabidea da, bere ezaugarri nagusia gai baten inguruko objektu digital guztiak biltzea, gordetzea izanik, nahi duenak kontsultatu ahal izateko.

Gordailu digitalak sareko bilatzaileak baino eraginkorragoak dira, gai zehatz baten gaineko materialak leku berean gordeta daudelako; horrela, nahiz eta denborak aurrera egin, ez da bilduma deuseztatzen.

Edozein liburutegitako katalogoarekin alderatuta, gordailuek materiala (irudiak, testuak, mapak, bideoak, eta abar) etxetik ikusteko, kontsultatzeko, aukera ematen du eta katalogoak, berriz, erreferentzia bibliografikoa baino ez du ematen.

Bilboko hau, BLD, nazioarteko arauen arabera sortua da: softwareari dagokionez, DSpace erabiltzen du, mundu osoko erakundeetako zortziehun gordailu baino gehiagotan erabiltzen den kode irekiko softwarea, hain zuzen ere. Creative Commons lizentzia ere erabiltzen du. Materialak PDF, JPEG eta TIFF 400 euskarrietan digitalizatuta daude.

Bilboko Liburutegi Digitala Lakuaren Liburuklik. euskadi.net, Estatu espainoleko Hispana.mcu.es eta Europeana.eu gordailuekin lotura du. Era honetan, «Bilboko udal ondare bibliografikoa ikusaraztea lortzen da, baita bere hedapena areagotu ere, dauden materialak beste gordailuek erabil ditzaketelako», azaldu zuen Bilboko Udal Liburutegien Sareko zuzendari Feli Sanzek.

Egutegia

2007tik 2011ra Funts Zaharreko materialak digitalizatu zituzten; prozesu hau ondare bibliografikoa kontserbatzeko egitasmoaren barnean kokatuta dago. Iaz, BLD bera eratzea izan zuten beharra, eta sarrera irekiko 18.000 irudi (testu osoak dira) eskura daitezke bertan. Aurten, 56 liburuki (XVI-XVIII. mendekoak) eta Tokiko Funtseko 87 liburuki digitalizatzen hasiko dira. Eskura dago www.bilbao.net/bld helbidean, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez erabil daiteke.

LOTURAK