NAIZ.INFO
IRUÑEA

Wert-en erreformaren aurkako ikasle greba deitu du Nafarroako Ikasle Abertzaleak-ek

Gobernu espainiarreko Hezkuntza ministro den Jose Ignacio Wert-en erreforma tarteko, ikasle greba orokora deitu du Nafarroako Ikasle Abertzaleak-ek martxoaren 14rako. Protesta Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatzeko baliatuko dute.

Ikasle Abertzaleek Iruñean egin dute prentsaurrekoa. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Ikasle Abertzaleek Iruñean egin dute prentsaurrekoa. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak prentsaurrekoa eskaini du Iruñean martxoan zehar egingo dituen hainbat mobilizazioen berri emateko. Azken 32 urteetan hezkuntza eremuak pairatu dituen hamaika erreformak aipatu ditutze eta azken izan den LOMCEren aurkako dinamikak abiatuko dituztela argitu dute.

Gobernu espainiarraeko Hezkuntza ministro den Jose Ignacio Wert-en erreformak «genero bereizketa, zuzendaritzaren botere handitzea, hezkuntza komunitatearen parte hartzea murriztea, bereizkeria eta klazismoa» ekarriko duela salatu dute.

Erreforma hauen aurrean, Euskal Herriak «burujabetza» eskuratzeko beharra duela azpimarratu dute eta horretarako ezinbestekotzat jo dute Nafarroako egungo egintari politikoek dimisioa ematea, «hauen kudeaketa txarragatik eta Espainiako inposizioei men egiteagatik».

Hau guztiagatik, hezkuntza erreformaren deuseztatzea eskatu dute, Nafarroarentzako hezkuntza eredu propio baten eraikuntzarako eztabaidari ekinez. Bestalde, Wert, Iribas eta Lafuente hezkuntza arduradunen dimisioa eskatu dute, baita Nafarroako Gobernuaren kanporatzea ere, «ustelkeria, zorpetze eta murrizketen ordezkariak besterik ez direlako».

Testuinguru honetan, hainbat deialdi egin dituzte. Batetik, martxoaren 4tik 8ra mobilizazio astea deitu dute, 7a mobilizazio eguna izango delarik. Azkenik, ikasle greba orokorra deitu dute martxoaren 14rako.