Epaiketaren aurrean «planto» egitea erabaki dute A-8a mozteagatik auzipetutako gazteek

Jarrai, Haika eta Segi talde terrotistatzat izendatzea salatzeko 2007an A-8a mozteagatik auzipetutako gazteek «planto» egin diote epaiketari, «inolako epaitegik euskal gazteria epaitu eta zigortzeko zilegitasunik ez duelako». Era berean, egunerokotasuneko lanarekin jarraituko duela adierazi dute.

NAIZ.INFO|DONOSTIA|2013/02/21
20130221_a8_epaiketa
Donostiako epaitegiaren aurrean egin duten prentsaurrekoaren irudia. (ARGAZKI PRESS)

Jarrai, Haika eta Segi talde terroristatzat izendatzea salatzeko 2007. urtean A-8 autobidea kateatuz berau mozteagatik auzipetutako bost gazteek gaur egitekoa zen epaiketara ez bertaratzea erabaki dute. Hala adierazi dute Donostiako epaitegian eginiko agerraldian.

Prentsaurrean eginiko adierazpenen baitan, gazte antolakundeak terrorista deklaratzeak zortzi sarekada baino gehiago ekarri dituela gogoratu dute, «150 gazte baino gehiagoren atxilotzea, torturatzea eta espetxeratzea ahalbideratuz».

Era berean, abenduaren 18an Auzitegi Gorenak Errenteriako bost gazteren aurkako zigorra berretsi izana salatu dute eta hauetako hiruk ezkutatzea erabaki zutela gogoratu dute. Urtarrilaren 19ko manifestazioa ere izan dute hizpide.

Halaber, Ekaitz de Iberoren kasua aipatu dute, ustez kale borroka ekintza batean parte hartzea egotzita lau urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorrera kondenatua izan zen donostiarra. Donostialdeko eta Burlatako gazteen aurkako epaiketak ere izan dituzte hizpide.

Gauzak horrela, antolatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute eta euskal gazteriari horretan jarraitzeko deia egin diote.

Euretako bakoitzari 30 hilabeteetako kartzela zigorra eskatzen dietela azaldu dute eta «espainiar salbuespen auzitegia salbuespen politiken aplikatzailea» dela salatu dute.

Horregatik, desobedientzia zibilaren aldeko hautua hartu dutela azaldu dute, «inolako epaitegik euskal gazteria epitu eta zigortzeko zilegitasunik ez duelako». Gauzak horrela, gaurko epaiketaren aurrean «planto» egin dutela esan dute.

Hala ere, egunerokotasuneko lanarekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute eta eskubide zibil eta politikoen alde lanean jarraituko dutela aldarrikatu dute.