ANDONI EGAÑA

San Mames zaharrera

San Mamesen azken derbia da Athleticek eta Realak ostiralean jokatuko dutena. Andoni Egañak dio «denetik» gerta daitekeela eta, besteak beste, ez dakiela «ze hamaikakorekin ekingo dion Realak partiduari eta ezta Athleticek ze hamarrekorekin amaituko duen ere».

Andoni Egaña.
Andoni Egaña.

Ez dakit zergatik naizen Realzale. Akaso futbolaz dudan oroitzapenik zaharrena etxe zaharreko sukalde zaharragoan erabat zaharkituriko irrati batean entzundako Real Sociedad-Elche Kopako finalerdi hura izan zelako. Ez al zen finalerdia? Ez al zen Elche? Berdio dio. Gauzak ez dira diren bezalakoak, gogoratzen ditugun modukoak baizik.

Ez dakit, ez, zergatik naizen Realzale. Gure herriko futbolaria, garai hartan eta baita egun ere, Athleticen ikur zen: Joxe Angel Iribar, Makatza. Nire lehen plastikozko baloia -orduan «reglamentuzko» bat ez zuen edonork izaten- Athleticeko jokalarien irudiekikoa zen: Saez, Etxeberria, Aranguren eta konpainia...Geroxeago, Iñaki Txurruka eta Estanis Argote zarauztarrak ziren. Realekoa egin nintzen ordea. Akaso Elcheren aurkako partida harengatik. Edo hamabi-hamahiru urte nituela Zarauzko kuadrilla batekin Atotxara joaten hasi nintzelako txistua jotzera. Ez nuen belarri batere onik, txistua ez zitzaidan batere gustatzen, baina sol mi sol mi sol eta beste piezaren bat disimulatzeko adina jotzen ikasi nuen, Atotxara, Fruten Merkatuaren aldeko porteria atzera joateko. Handik ikusi nituen Ostravako Banik, Liverpool, Lokeren...

Jokatzear dago San Mamesen azken derbia. Eta harrigarria bada ere, oso derbi gutxitan izan naiz eta oso oroitzapen urriak ditut derbiei dagokienez. Hogei urterako hasi nintzen bertsotan eta bertsolariok asteburuak okupatuta izan ohi ditugu. Gainera, libre izan arren, berriz ere jendartera sartzea baino beste edozein plan hobea da. Ostiraleko derbia desberdina da, ordea. Azkenengoa delako San Mamesen. Eta guri dagokigunez, lehenengo bertso-derbia jokatuko dugulako. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta ni neu izango gara Realaren aldetik, eta Anjel Mari Peñagarikano, Jone Uria eta Oihana Bartra Athleticenetik. Odola, izerdia, txilioak, garaipen eta porrotak espero dituena oso oker dabil. Bertsogintza ez da futbola. Bertsotan ez du zentzurik bat ondo aritzeak besteak gaizki jarduten badu; denek egiten dute saio ona, erdipurdikoa edo txarra. Zerbaitengatik asmatu genuen bertsogintzaren berri gazteleraz eman behar izan genuenean «controversia de cooperación» esamoldea. Halere... eta nahiz eta etxetik kanpora jokatu, lehen derbi hau txukun samar burutzen saiatuko gara.

Futbolariek jokatu behar balute bertsotan, zalantzarik ez nuke Realekoak hobeto egokituko liratekeela. Entzun dudanez, Illarra oso ona da -monotematiko samarra agian- Markel eta Agirretxe oso ongi moldatzen dira, Dani Estrada zarauztarra da eta bertso-maila suposatzen zaio, eta bertsolari berezirik beharko balitz hor geneukake Eñaut Zubikarai. Ez dut uste Athleticekoek bertsotan aurre egiteko adinako mailarik luketenik.

Futbol-zelaian besterik da. Ostiralean denetik gerta daiteke. Ez dakit ze hamaikakorekin ekingo dion Realak partiduari eta ezta Athleticek ze hamarrekorekin amaituko duen ere. Reala denboraldi ona egiten ari da eta Athleticen jokoak iazkoaren tankera gero eta handiagoa du. San Mames zaharrerako azken bisitan irabaztea ongi legoke baina berdinketa ere ez litzateke txarra. Hori bai: itzul dadila liga ahalik eta azkarren bi puntuko sistema zaharrera. Garaipenarengatik hiru puntu banatzen dituztenetik aberatsek baino ez dute onurarik izan. Lehen pobrearentzat etxez kanpoko berdinketa ona zen. Orain hori ere ez. Gero eta jende gutxiago da zoriontsu astelehen goizetan.

Ongi legoke Realak derbia irabaztea. Ongi aspaldiko partez Europa aldera azaltzea. Baina niri benetako ilusioa egingo lidakeena, esku-eskura dauka, Elche lehen mailara igotzea litzateke. Hartara, umetako etxe zaharreko sukalde zaharrean entzun nuen, edo ez nuen, partidu hura berrituko litzaidake.