NAIZ.INFO
IRUÑEA

‘Etorkizuna independentzia’ lelopean ospatuko da aurtengo Aberri Eguna Iruñean

‘Etorkizuna independentiza’ lelopean ospatuko da aurtengo Aberri Eguna, hala adierazi dute prentsaurrean Independentistak sareko kideek. Egungo egoera ekonomiko eta sozialaren alternatiba bakarra independentzia dela aldarrikatuko dute.

Independentistak sareko kideak Aberri Eguneko kartelarekin. (Lander Fdz ARROIABE/ARGAZKI PRESS)
Independentistak sareko kideak Aberri Eguneko kartelarekin. (Lander Fdz ARROIABE/ARGAZKI PRESS)

Independentistak sareak prentsaurrekoa eman du Iruñean Aberri Eguneko leloa, kartela eta ezaugarrien berri emateko asmoz. Bizi dugun egoera ekonomiko eta sozial «gogorraren» baitan kokatu dute ekimena eta horren aurrean etorkizuna independentzia dela aldarrikatuko dute.

Alor politikotik, kulturaletik, ekonomikotik zein sozialetik begiratuta, «ziurtasun osoz» ikusten dute independentzia dela etorkizuneko aukera euskal herritarrentzat. «Euskal Herriak estatu propioa eratzea da krisialditik irten eta eta gure etorkizuna eraikitzeko tresnak eskaintzen dizkigun alternatiba bakarra», gaineratu dute.

Egoeraren «larritasunaz» hitz egin dute eta langabezia, enpresen ixteak, ustelkeria kasuak, etxe kaleratzeak... izan dituzte hizpide. «Hondamendira eraman gaituztenek ez gaituzte zulotik aterako», azaldu dute.

Egoera horren aurrean erabakiak hartu behar direla aldarrikatu dute, baina estatu propiorik gabe «ezer» ezin dela egin esan dute.

Gauzak horrela, martxoaren 31n Iruñean ospatuko den Aberri Egunaren leloa ‘Etorkizuna independentzia’ izango dela jakinarazi dute. Modu horretan, herri honen etorkizuna independentziaren eskutik datorrela aldarrikatu nahi dute.

Egun osoko egitaraua prestatu dutela azaldu dute; martxa eguerdiko 12.00tan abiatuko da eta ondoren ekitaldi politikoa egingo da, herri bazkaria ere izango da Anaitasunan, «indefesta» arratsaldean... Adin guztietarako jendearentzat ikuskizunak egongo direla aurreratu dute, Aberri Eguna parte hartzailea izatea helburu izanik.

Horregatik, independentista guztiak Iruñeara bertaratzeko deia egin dute.

Gauzak horrela, helbide elektroniko baten berri eman dute (info@independentistak.net), martxaren parte hartzean, nola egunean zeharreko bolondres lanetan jardun nahi duten guztiek bertara jo dezaten.