Mikel PASTOR
BILBO

Gazteriak sufritutako «jazarpena» salatu dute Zukguako prozesuko kideek eta Amaiurrek

Gazte mugimenduarekin lotutako zenbait gaztek azken garaietan sufritutako «jazarpena eta errepresioa» gogor kritikatu dute Zukgua prozesuko eta Amaiurreko kideek. Biek ala biek «urrats sendoak» eskatu zizkioten espainiar Estatuari «hamarkada luzeetako sufrimendu eta gatazka politikoari amaiera emateko».

Maite Aristegi Amaiurko diputatuaren babesa izan dute gazteek. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Maite Aristegi Amaiurko diputatuaren babesa izan dute gazteek. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Jarraipenak, mehatxuak, atxiloketak, epaiketak...euskal gazteriak azkenaldian jasandako «jazarpena» gogor kritikatu dute bai Amaiurrek bai Zukgua prozesuan parte hartu duten gazte anitzek Bilbon. Irati Sienrak adierazi duenez, «hiru urte igaro dira jada Euskal Herrian ziklo politiko berriaren ateak zabaldu zirenetik, ezker abertzalea urratsak ematen hasi zenetik, gatazka behin betiko konpontzeko aukera mahai gainean jarriz».

Estatuaren jarrera, halere, ez dela aldatu azpimarratu dute: «Denbora honetan gazteon aurkako jazarpenak ez du etenik izan. Gure helburua konponbidea sakontzea izanda, kolore askotariko polizien errepresioa jaso dugu».

Sienrak gazte erakunde berria sortzeko prozesua izan du mintzaigai. Aipatu duenez, «gazte antolakunde berria sortzea doa, ziklo politiko berrian sortua eta gatazka politikoaren konponbidean lan egiteko konpromisoa hartu duena». Argi utzi nahi izan duenez, «denbora honetan erabat publikoa izan da gure jarduna, bai Euskal Herri mailan zein nazioartean». Gauzak horrela, «ulergaitza eta onartzeina da egunerokotasunean garatu beharreko lan politikoan halako jazarpena bizitzea».

Maite Aristegik, Amaiurren izenean «elkartasun osoa» adierazi die horrelako egoerak nozitu dituzten gazte guztiei. Salatu duenez, «Estatu espainiarraren errepresioa ez da eten, ez dute bide hori itxi». Aristegirentzat ulergaitza da Madrilen jokaera hori: «Jazarpenarekin bukatu beharra dago. Gazteek politika egiteko eskubide guztia daukate, eta egin behar dute. Iraganeko eskemekin amaitu behar da, sufrimendua areagotzen duten jokabideak baztertuz. Guk sufrimendu guztiak onartzen ditugu, baina denak, guztiak, amaitu behar dira, errepresioa barne».