Turkiako enbaxada Kurdistani buruz eztabaidatzea eragozten ari dela salatu du EH Bilduk

Turkiako enbaxadoreak EH Bilduren proposamen bat ez onartzeko eskatu dio Gasteizko Legebiltzarreko lehendakari den Bakartxo Tejeriari koalizioaren esanetan. «Horrelako esku-sartzea onartezina da eta halaxe erantzun behar dio Tejeriak enbaxadoreari», gaineratu du EH Bilduk.

NAIZ.INFO|GASTEIZ|2013/02/25|0 iruzkin

Turkiak espainiar Estatuan duen enbaxadoreak Eusko Legebiltzarreko lehendakari den Bakartxo Tejeriarengana jo du fax baten bitartez instituzio honek Kurdistani buruzko EH Bilduren legez besteko proposamena onar ez dezala eskatzeko, koalizioak prentsa ohar baten bidez azaldu duenez.

Igor Lopez de Muniain legebiltzarkideak ekimena aurkeztu zuen pasa den urtarrilaren 31n Estatu frantsesean errefuxiatu gisa bizi ziren Kurdistango mugimendu nazionaleko hiru militanteren hilketa gaitzesteko.

Horren aurrean, Turkiako enbaxadoreak EH Bilduren proposamena «onartezintzat» hartu duela adierazi du koalizioak.

Turkiako enbaxadorearen gutunaren berri izanda, EH Bilduk bere jokabidea salatu nahi izan du, «edozein parlamenturi bezala, Legebiltzarrari ere dagokion autonomia urratu duelako». «Turkiako Gobernuaren esku-sartzea onartezina da», gaineratu du koalizioak, eta horren tamainako erantzuna eman diezaiola eskatu dio Tejeriari.

Horren harira, hutsik ez egiteko eskatu dio Legebiltzarreko lehendakariari, «eta enbaxadoreari argi utz diezaiola Turkiako Gobernua ez dela inor Legebiltzarrean zertaz eztabaida daitekeen eta zertaz ez esateko».

EH Bilduren iritziz, enbaxadorearen erreakzioa ikusita, agerikoa da legez besteko proposamena «behar-beharrezkoa» dela, «bai hiru errefuxiatuen hilketa salatzearen ikuspegitik, bai herri kurduak pairatzen duen gatazka politikoaren konponbide negoziatua aldarrikatzearen ikuspegitik ere».

Izan ere, enbaxadoreak garbi utzi du koalizioaren ustez «presio bidegabeak, ezkutuko mehatxuek eta jarrera antidemokratikoek ezaugarritzen dutela Turkiako Gobernuaren politika Kurdistanekiko».