Bizi! kolektiboak Stephane Hesselen laguntza eta konpromisoa goraipatu ditu

Bizi! kolektibo ekologistak Stephane Hesselen konpromisoa nabarmendu ditu eta emandako laguntza eskertu du.

NAIZ.INFO|BAIONA|2013/02/27

Bizi! kolektibo ekologistak oharra kaleratu du Stephane Hessel «militante ezin ase eta erresistentearen» heriotzaren karira.

2012 urte bukareran aurtengo Alternatiba Egunaren aitabitxia izatea onartu zuela jakinarazi du. Hain zuzen ere, egun horren leloa –‘Mundu hobea elgarrekin eraiki dezagun, erronka klimatikoari aurre eginez’– idazleak igorri zuen sostengu testutik hartua da.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarari (EHLG), Euskal Herriko laborantza ganbera alternatiboari babesa eman ziela gogora ekarri du Bizik, «botere publikoek bere debekatzea galdegin zutelarik».

‘indignez-vous’ liburua idatzi aurretik, Baionan Rene Cassinen jaiotetxea eta Suprefetura lotu zituen giza-katea sostengatu zuen, halaber.

Hesselek utzitako «laguntza baliosa, engaiamendu, iraunkortasun eta jendetasun eredua» goraipatu eta eskerrak eman dizkio kolektibo ekologistak idazleari, eta elkartasuna adierazi familiari eta gertukoei.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK