Loren Arkotxa
Ondarroako alkate eta Udalbiltzako presidente ohia

Loren Arkotxa Ondarroako alkatea eta Udalbiltzako presidentea zen 2003an Baltasar Garzonek erakunde nazionalaren aurkako operazioa agindu zuenean. Hamar urte pasata, lehen Udalbiltza haren balioa berreskuratu eta instituzio berriaren beharra azpimarratu du.

«Euskal Herriko lurralde eta gizartearen batasunerako tresna ezinhobea da Udalbiltza»
@zalduariz|Iruñea|2013/02/27
Arkotxa
Betiko espiritu langile horrekin eta ilusioarekin Udalbiltza erreferente bat bihurtu behar da Euskal Herriko naziogintzan.

Zein gogo eta helbururekin sortu zen lehenengo Udalbiltza hura?
Gauza berri bat zen, baina formula berria izan arren, udal hautetsien papera historian zehar ezagutzen genuen eta herentzia hura jaso genuen: 1932ko Estatutu nazionala, Bergarako alkateen mugimendua eta abar. Beraz, aurreko herentzia hura bageneukan. Bizirik zegoen. Helburua Euskal Herriko lurralde zatiketa administratiboaren gainetik tresna bat eraikitzea zen eta horretan sartu ginen ilusio handiarekin.

Zein da Euskal Herriko hautetsien elkar antolaketaren balioa? Zertarako balio du?
Udalbiltza bezalako erakunde baten balio garrantzitsuena instituzio nazional bat eraikitzea da. Ez delako bakarrik udalen erakundea, udal hautetsiena baizik: Udalbiltzara gehitzen ez diren udaletatik, hautetsi batzuk gehitu daitezke, beraz, Udalbiltzaren presentzia Euskal Herriko herri guztietan zabaltzen da, Euskal Herria nazio bezala aintzat hartzen duten hautetsi guztien bidez. Horrek zer esan nahi du? Alde batetik, Euskal Herri osoaren gainean diagnostikoak egiteko tokian tokiko testigantzak ditugula. Bestetik, Udalbiltzatik ateratatako ekimenak aurrera ateratzeko orduan herri guztietan dauzkagula pertsonak lan egiteko.

Gainera, Udalbiltzaren ekintza herrietako gizarte eragileekin lotu behar da, harreman hori oso zuzena, aktiboa eta dinamikoa izan behar da. Udal hautetsien presentzia Euskal Herri osoan gizarte eragileen ekintzei lotuz gero oso dinamika indartsua sortzen da. Euskal Herriko lurralde eta gizartaren batasunerako tresna ezinhobea da.

2003ko apirilaren 29an Garzonek Udalbiltzaren aurkako operazioa abian jarri zuen. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Oso gogorra izan zen. Eroek egindako erokeria zela uste nuen eta amesgaizto bat bezala ikusten nuen, ezin zen erreala izan. Baina bestalde, beste gauza bat ere pentsatu nuen: etsaiak hainbesteko amorrazioarekin Udalbiltza bistatik kentzeko ahalegina egiten bazuen, lana oso ongi egiten ari ginelako zen.

Zortzi urte beranduago, absoluzioa. Zer sentsazio gelditu zitzaizun?
Epaiketa justu bat izanez gero, absoluzioa zen emaitza posible bakarra, baina epaitegi horretan edonolako sententziak ikustera ohituta gaude eta bagenekien gure kasuan ere horrela izan ahal zela, edonolako sententzia kondenatzaileren bat, pertsona bakar batzuk zigortuz agian. Baina ongi atera zen azkenean. Euskal Herriak berak ere asko egin zuelako horrela izateko: elkarte eta eragileen ekintzak epaiketa aurreko kanpainan, futbolari, bertsolari, aktore eta abarrekin;  bikainak izan ziren eta epaimahaiari ez zitzaion beste biderik gelditu absoluzioa erabakitzea baino.

Behin absoluzioa lortuta gauza askorekin oroitzen zara. Alde batetik, jendearen sufrimendua, espetxeratzeak edo espetxeratze mehatxuak eta, bestetik, hainbat urtetan Udalbiltza bezalako instituzio bat geldituta egotea eta egiten ari zen lana egin gabe gelditzea orain arte. Horrek pena handia ematen du.

Larunbat honetan berriz jarriko da abian Udalbiltza. Nola ikusten duzu egungo prozesua?
Oso ondo, benetan. Hau egin behar zena zen, berriro Udalbiltza martxan jartzea eta Udalbiltzarekin batera, gizarte eragileekin lan hori berreskuratzea. Betiko espiritu langile horrekin eta ilusioarekin Udalbiltza erreferente bihurtu behar da Euskal Herriko naziogintzan, herrigintzan eta Euskal Herriko politiketan ere bai. Azkenean Udalbiltza horretarako sortu zen eta hor egin behar du lana: Euskal Herriko nazio eraikuntzan.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK