Marinel bat hil da Santurtziko portuan, itsasontzi batetik erorita

Marinel bat hil da gaur goizean Santurtziko portuan, itsasontzi batetik erorita. Atzokoan beste langile bat hil zela jakinarazi du LABek, Bordele pareko uretan.

NAIZ.INFO|SANTURTZI|2013/02/27

57 urteko herbeherear bat hil da Santurtziko portuan itsasontzi batetik uretara erorita, Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez.

Ezbehearra goizeko 8.00ak aldera jazo eta nahiz eta bere lankide batek bera laguntze aldera itsasora jauzi egin duen, ezin izan dute ezer egin.

Hipotermiak jota, osasun zerbitzuek artatu dute portuan bertan.

Beste hildako bat atzo Bordele inguruan

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, J. Kalamendi itsasontzi ondarroarreko marinel bat hil zen atzo Bordele pareko uretan lanean ari zirela. F.J.P.V., 48 urteko behargina, aurpegian kolpe bat jasota zendu zen.

Sindikatuaren arabera, 13 dira dagoeneko aurten Hego Euskal Herrian hildako langileak. 

Elkarretaratzeak deitu ditu biharko Santurtzin eta Ondarroan, lan istripu horiek salatzeko.