Murrizketak Kulturan Hezkuntzan baino handiagoak izango direla iragarri du Lakuak

Alderdi politiko ezberdinekin Lakuako Gobernuaren aurrekontua negoziatzen hasi baino lehen, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak adierazi du Kultura sailean –zeinaren menpe EiTB dagoen– egingo den murrizketa Hezkuntza arlokoa «baino handiagoa» izango dela.

NAIZ.INFO|GASTEIZ|2013/02/27|0 iruzkin
20130227_ogasuna
Ricardo Gatzagaetxebarria, Gasteizko Legebiltzarrean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Gatzagaetxebarriak ez du argitu zenbatekoa izango den EiTBren aurrekontuan egingo den murrizketa, baina ziurtatu du Lakuako Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politika saileko arduradunak egingo diren murrizketetan lanean ari direla.

ETBri eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, Hezkuntza «lehentasunezko» arloa da Urkulluren Gobernuarentzat eta, beraz, Kultura eta Hizkuntza Politika arloetan murrizketak sakonagoak izango dira

«1.200 milioiko murrizketarekin, gobernatzea lehetasunak ezartzea» dela azaldu. «Lehentasuna, Osasunean, Hezkuntzan eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokan egituratutako babes sozialaren euskal ereduari eustea da», gaineratu du.

Lakuako aurrekontuak negoziatzeko alderdi desberdinekin gaur PSE eta EH Bildurekin abiatuko duen bilera errondaren inguruan, azaldu du ez duela inor baztertzen 2013. urteko aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko eta, «erantzukizunik handiena» EAJk duen arren, gainontzeko talde politikoek ere erantzukizuna dutela ohartarazi du.

Horrela, luzapen bat baino, «aurrekontua izatea Euskadirentzat hobe dela» nabarmendu du.

«Ikusiko dugu alderdi bakoitzak zer gogoeta egiten duen eta non dagoen bere estrategia politikoa gaur egungo testuinguru ekonomikoan», adierazi du.

Ildo horretan, EAJk Gasteizko Legebiltzarreko alderdien «konplizitatea» bilatzeko lan egingo duela esan du, badakielako «ez dugula gehiengorik Legebiltzarrean eta zein garrantzitsua den herri honentzat errealitate ekonomikoari egokitutako aurrekontuak izatea».

Akordioa lortzeko denbora dagoela esan du, eta «erantzukizunik handiena» EAJk duen arren, Lakuako Gobernua zuzentzen duelako, gainontzeko talde politikoek ere erantzukizuna dutela ohartarazi du, «hobe delako aurrekontua izatea, luzapen batekin funtzionatzea baino».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK