Naiz.info

Donostiatik Baionara, azken txanpan da Korrika

Arratsaldeko 20.00ak aldera sartu da Korrika 18 Donostiako kaleetan, Gipuzkoako kostaldea zeharkatu ondoren. Goizaldean Ipar Euskal Herrira sartuko da, Baionan azken metroak egin aurretik.

Korrika, Zarauztik igaro denean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Korrika, Zarauztik igaro denean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Larunbat goizeko 9.00etan euskalakariak Mutrikura iritsi dira eta hortik Debarantz jo dute. Gipuzkoako kostaldea zeharkatu dute eguraldia lagun eta jendetza batu da herri guztietan. Itziarko maldak gainditu behar izan dituzte eta kostatik jarraitu aurretik Zestoara sartu dira 11.30ak aldera.

Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orioko ibilbide ederra egin du Korrikak eguerdi partean. Itsasoa atzean utzita, Usurbil eta Hernanirantza abiatu da. Arratsaldeko 20.00ak inguruan heldu da Donostiara.

Jendetza bildu da Gipuzkoako hiriburuan, tartean, GARA eta NAIZeko langileok. Tolosa hiribidean egin dugu kilometroa, Maider Iantzi berriemaile bereziak lekukoa hartuta eta euskararen aldeko konpromisoa berretsiz.

Bidasoaldean gaupasa egingo dute Korrikarekin batera, eta jai giroan ibiliko dira Hondarribia eta Irungo euskalakariak. Lapurdin egingo ditu igandean azken kilometroak Korrika 18k. Hendaiara goizaldeko lau eta erdietan iritsiko da eta handik Urruña, Donibane Lohitzune, Azkaine, Senpere, Arbona, Biarritz eta Angeluko euskalakariek ibiliko dute lekukoa eskuz esku. Baionan, helmugan, goizeko hamaikak aldera sartuko da, azken-azken kilometroak tipi-tapa egiteko herriko etxearen atariraino.