NAIZ.INFO
GASTEIZ

Salbuespen neurrien bukaera aldarrikatu du Herrirak, azken ostiralaren harira

Herrira mugimenduak elkarretaratzeak egin ditu eguerdian Gasteiz eta Iruñean, eta euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien amaiera aldarrikatu dute bertan.

Gasteizko Santiago ospitalaren atarian egindako elkarretaratzea. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Gasteizko Santiago ospitalaren atarian egindako elkarretaratzea. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Azken ostirala izaki, ehunka plaza euskal presoen eskubideen aldeko aldarriarekin bete baino ordu batzuk lehenago, bi elkarretaratze egin ditu Herrira mugimenduak, Gasteizen eta Iruñean, salbuespen neurrien bukaera aldarrikatzeko.

Gasteizen, Santiagoko ospitalearen atarian egin dute mobilizazioa, eta bertan Lakuako Gobernuari zuzendu diote eskaera, «dagokionari» exiji diezaion euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera, bereziki gaixotasun larriak dituztenen kasuan.

Bertan, mediku batek eta erizain batek hartu dute hitza, eta kezka adierazi dute gaixotasun larriak dituzten 15 presoen egoera dela-eta.

Iruñean, aldiz, 197/2006 doktrinaren indargabetzea galdegin dute, tartean Nafarroako hamar preso zigorra beteta ere espetxean mantentzen dituelako.

Salbuespen neurri hauen indargabetzeko bidean, bi elkarretaratzeetan zita garrantzitsu batean parte hartzeko deia egin dute: Maiatzaren 18an 200 plaza baino gehiago beteko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea egin diote herritar zein eragile orori.