NAIZ.INFO
MUNGIA

«Bota kuartelie ta erein porrue!», Mungiako martxa antimilitaristaren aldarrikapena

Mungiako Soietxeko kuartel militarrera martxa egin dute hainbat herritarrek salatzeko gobernuek gizarte arloan murrizketa izugarriak egiten dituzten bitartean gastu militarrean ez dela antzekorik egiten. Galdera eta erantzun bana ere plazaratu dute: «murriztu? Bai, gastu militarra hutsera».

Lorez jantzita agertu da antimilitarista bat kasko erraldoi batetik. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Lorez jantzita agertu da antimilitarista bat kasko erraldoi batetik. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Mungiako Soietxeko kuartel militarrera XXIV. martxa egin dute gaur hainbat talde antimilitaristek deituta. Tartean ziren Kakitzat eta KEM-MOC. «Bota kuartelie ta erein porrue» zioen martxako pankarta nagusiak, porruak «osasuntsuagoak eta balak eta bonbak baino liserigarriagoak» direlako.

Espekulazio finantzieroak ekarri duen krisialdiak lanpostuen galera, pobreziaren hazkundea eta bazterketa soziala eragin dituela salatu dute, eta gobernuek batean eta bestean murrizketak ezartzen dituzten bitartean gastu militarrean ez dela antzekorik salatu dute. «Krisialdiak ez du arrastorik utzi ez militarismoan ez kontrol sozialean» talde antimilitaristen ustez, «gastu militarren lehengo mailari eutsi edo erdi ezkutuan gora» egin dutela salatu dute.

Espainiako Gobernuak militarizazioen duen apustuari uko egiteko eskatu diote, «are gehiago desberdintasunak handiagotzen dituen murrizketen testuinguru honetan». Hartara, gastu militarraren «abolizioa» eskatu dute eta murrizketak bertan egin behar direla esan dute: «murriztu? Bai, gastu militarra hutsera».