Naiz.info
Bilbo

Segurtasun Sailak dio Ertzaintzak epaileen aginduak bete behar dituela «denon hobebeharrez»

Lakuako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak adierazi du Ertzaintzak, «denon hobebeharrez», Ondarroako Aske Gunea «era baketsuan» hutsarazi behar duela. Polizia autonomikoak epaileen aginduak beteko dituela nabarmendu du, «bere betebeharra delako».

Herri harresia, goizean, Ondarroako zubian. (Ion TELLERIA)
Herri harresia, goizean, Ondarroako zubian. (Ion TELLERIA)

Onda Vascan egindako adierazpenetan, Zubiaga Ondarroako Aske Guneaz mintzatu da. Alertan pasa dute laugarren gaua Zumardian bildutako lagunek. Goizaldeko 02.00etan izan da lehenengo alerta eta 05.00ak inguruan bigarrena. 07.00etan eta 09.00etan ere agertu da Ertzaintza. 

Urtza Alkorta gazteak gonbidapen «zintzoa» egin zion atzo Segurtasun arduradun Estefania Beltran de Herediari. Ez du haren erantzunik jaso, baina Zubiagak hitz egin du goizean aferaren inguruan.

Sailburuordeak «bataila epiko» gisako hitzak ez dituela atsegin nabarmendu du, eta Ertzaintzaren lanaren inguruan mintzatu da. «Ertzaintzak egoerak era arrazoitu eta ordenatuan konpondu nahi ditu».

Bere hitzetan, Alkortak «onartu egin du Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra duela eta hura betetzeko prest dago» eta, beraz, «denon hobebeharrez, egoera hau era baketsuan konpondu behar da».

Zubiagak gogorarazi du Polizia autonomikoak egungo legearen arabera lan egiten duela, «gizarte errealitatearekin batera», eta «epaileen aginduak beteko ditu, bere betebeharra delako».