@zalduariz
Iruñea

Bardeak, gune militarra

Pasa den igandean Bardeetako tiro poligonoaren aurkako 26. martxa antolatu zuten poligonoaren aurkako Asanbladak eta Ejeako ‘No a las Guerras’ plataformak. Duela 62 urte AEBetako Armadaren babesarekin eraikitako poligonoa da, gaur egun Aireko Armada espainiarrak daukan tiro poligono bakarra.

Cartel de entrada al polígono de tiro. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Cartel de entrada al polígono de tiro. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

1951 urtea zen. Francoren Gobernuak lagunak behar zituen munduan autarkiatik ateratzeko eta prest zegoen edozertarako: bai lotsarik gabe Palomaresen bainu bat hartzeko, baita Bardeetan Estatu Batuentzat tiro poligono bat eraikitzeko ere. 62 urte beranduago, AEBak ez daude jada Bardeetan, baina militarrek bertan jarraitzen dute, espainar Aireko Armadaren tiro poligono bakarra bihurtu den lekuan.

Francorik gabeko frankismoa oraindik bizirik zegoela, 1976an 25 urte gehiago luzatu zen militarren kontratua. 1991an AEBek alde egin eta berehala NATO iritsi zen, pixkanaka Bardeetako tiro poligonoa Europako garrantzitsuena bihurtuz. 2001ean kontratua zazpi urte gehiagorako luzatu ostean, 2008an 20 urte gehiagorako luzatu zen –lehenengo hamar urteak ziurrak, beste hamarrerako aukerarekin-.

Sei hamarkada dira jada tiro poligonoak lurralde berezi eta zaindu beharrekoa kutsatzen duela. Izan ere, herri gunerik gabeko 42.500 hektarea hartzen ditu Bardeak, Euskal Herrian beste inon aurki ez daitezkeen flora eta fauna dutenak. Talde ekologistek askotan eskatu dute lekua Parke Nazional izendatzeko –horrela ezinen baitzen poligono militarrik izan–, baina Parke Naturala baino izendatzea ez da lortu orain arte. Ziur aski, bere baitan tiro poligono bat daukan parke natural bakarra izango da.

Istripuak eta Gladys del Estalen hilketa

Agintariek tiro poligonoak arriskurik ez dakarrela behin eta berriz errepikatu arren, errealitateak kontrakoa dio. Izan ere, urte hauetan gutxienez 30 istripu garrantzitsu gertatu dira –ezagutzen direnak behintzat–, gehienak militarren artean –19 hildako gutxienez–, baina batzuetan zibilak ere biktima izan dira.

Edonola ere, arriskua ez da soilik militarrena, izan diren istripuek erakusten duten bezala. Urrunegi joan gabe, 2000. urtean bi hegazkin militar airean talka egin eta Ejea de los Caballerosetik soilik bi kilometrora erori ziren. Horrelako hamaika gertakizun bizi izan dituzte Arguedas, Cascante, Murillo del Fruto edo Valtierra herrietan. Izan ere, istripu gehienak poligonotik kanpo gertatu dira.

Armadak 2007an tiro poligonoa martxan egon den 50 urte baino gehiagotan herritarrei edo militarrenak ez diren ondasunei kalterik ez dietela eragin esan zuen arren, inguruko herrietan izan diren istripuek eta 1955ean bonba baten eztandak hildako artzaiaren kasuak kontrakoa erakusten dute. Ezin ahaztu, gainera, 1979ko ekainaren 3an Guardia Zibilak Gladys del Estal hil zuela Tuteran, energia nuklearraren eta tiro poligonoaren aurkako manifestazio batean.