NAIZ.INFO
BAIONA

Espagnacek aurkeztu duen Antolakunde poloaren zuzenketa onartu du Senatu frantsesak

Frederique Espagnacek Ipar Euskal Herrirako Antolamendu eta Koordinazio Polo bat eskatzeko aurkeztu zuen zuzenketa onartu egin du Senatu frantsesak.

Frederique Espagnac senataria. (Bob EDME)
Frederique Espagnac senataria. (Bob EDME)

Joan den astelehenean eman zen ezagutzera Espagnacek maiatzaren 23an zuzenketa bat ezarria zuela Deszentralizazio Legearen barnean Ipar Euskal Herriarentzako metropoli Polo bat galdegiteko eta ostegun honetan, Senatu frantsesak proposamen hori onartu egin du, Kazeta.info-k berri eman duenez.

PSko senatari guztiak alde agertu dira, zentroko alderdietako batzuek ere alde bozkatu dute. Senatarien parte bat abstenitu egin da, eta bozka gutxi batzuk izan dira kontra, Espagnacen bulegotik eman duten informazioaren arabera.

Espanacen zuzenketa Lurralde Elkargoa defenditzeko sortu den Koordinazioak aztertu eta baztertu zuen dagoeneko, ez duelako erakunde propio bat sortzen Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoarentzako, eta beste geruza bat suposatzen duelako egun diren erakundeen artean.

Antolamendu eta kooperazio poloa

Ipar Euskal Herriko hamar herri elkargoak biltzea proposatzen du emendakinak. Horretaz gain gaur egungo Pays Basqueren baitan diren Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseilua ere izanen lirateke barnean.

Espagnacek adierazi du eskualdeak eta departamenduak bat egin dezaketela «Ipar Euska Herriaren antolaketa eta elkarlan» Poloaren baitan.

Egitura onartuko balitz arlo ezberdinetan izanen luke eragina: antolaketa arloan etxebizitza arazoak gainditu eta ingurumena zaintzeko; tokiko garapena bermatzea, ekonomia, laborantza eta turismo arloetan bereziki.

Aldi berean euskal kulturaren eta euskararen garapena ere bermatzea du xede. Ipar Euskal Herriaren aitortza, garapena bermatuz eta onartuz dituen berezitasunak.