Naiz.info
Donibane Lohitzune

Frederique Espagnac: «Arduragabekeria litzateke emendakinik ez aurkeztea»

Frederique Espagnac PSko senatariak Ipar Euskal Herrirako Antolamendu eta Koordinazio Polo bat eskatzeko aurkeztu zuen zuzenketa defendatu du eta hura ez aurkeztea «ardugabekeria» litzakeela esan du.

Ezkerretik eskuinera, Nicole Pery, Frederique Espagnac eta Sylviane Alaux. (Gaizka IROZ)
Ezkerretik eskuinera, Nicole Pery, Frederique Espagnac eta Sylviane Alaux. (Gaizka IROZ)

Frederique Espagnac senatariak prentsaurrekoa eskaini du Donibane Lohizunen, Nicole Pery PSko buruzagi ohiak eta Sylviane Alaux deputatu ziburutarrak lagunduta. Joan den astelehenean eman zen ezagutzera Espagnacek maiatzaren 23an zuzenketa bat ezarria zuela Deszentralizazio Legearen barnean Ipar Euskal Herriarentzako metropoli Polo bat galdegiteko. Horren harira, emendakinik ez aurkeztea «ardugabekeria» litzakeela defendatu du, Kazeta.info-k dioenez.

Koordinazioko kideak emandakinaren berri bazutela adierazi du senatariak, nahiz eta taldeko kide batzuk horren berri astelehenean izan zutela adierazi duten.

«Hautetsien eta Garapen Kontseiluek polo honi esker segitzen ahalko» dutela nabarmendu du Espagnacek. Lurralde Elkargoari dagokionez, bere aldeko desmobilizaziorik ez dela izanen baieztatu du.

Colette Capdevielle deputatu sozialistak berak berria astelehenean izan zuela adierazi du, eta Kooperazio Poloa «gutxieneko aukera» dela ere gaineratu du.

Asteazkenean Koordinazioko kide den Batera plataformak prentsaurrekoa eskaini zuen, Espagnacen emendakina ez duela sostengatzen adierazteko, «ez forman, ez eta edukinean ere». Plataformak Lurralde Elkargoaren aukerarekin aitzina segituko zuela nabarmendu zuen.

EAJ, EH Bai, Autonomia Eraiki eta UMPko departamentuko presidentea den Max Brisson ere Espagnacek egin duen desmartxaren kontra agertu dira.

Alde agertu dira, aldiz, Sylviane Alaux deputatu sozialista eta Christine Bessonart Senpereko auzapeza eta Auzapezen Biltzarreko presidentea.