Naiz.info
Donostia

Aldarrikapena kalera eramango du LGTB kolektiboak

Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen (LGTB) kolektiboaren nazioarteko eguna, ospakizun jardunaldiaz harago, aldarrikapenerako eremu bilakatuko da gaur. Sexu berekoen arteko ezkontza eta adopzioa legeztatuta baldin badaude ere, oraindik bada zer eskatu eta zer irabazia ere.

Irudian, Gasteizen iaz egindako manifestazioa. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Irudian, Gasteizen iaz egindako manifestazioa. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen (LGTB) kolektiboak bere nazioarteko eguna ospatzen du gaur. Urtero legez, kalera irtengo dira aldarrikapen nagusiak, festa moduan irudikatuak gehienetan. Donostian, esaterako, 19.30ean manifestazioa abiatuko da Bulebarretik eta Bilbon 20.00etan hasiko da Moyua plazatik. Gasteizko hitzordua 20.30ean ezarri dute, Andra Mari Zuriaren plazan.

Sexu berekoen arteko ezkontza eta adopzioa legeztatuta dauden unean ospatzen da eguna. Ez da, ordea, lortutako garaipen baten ikur izango. Izan ere, lesbiana, gay, transexual eta bisexualen kolektiboan normaltasuneranzko bidean bada oraindik zer egina eta zer eskatua.

Hezkuntzan, osasungintzan, administrazio publikoetan eta eguneroko beste zenbait arlotan sistema patriarkalari lotutako mekanismoak indarrean daude eta inertzia horiek iraultzeko bidea ez da oraindik amaitu.

Horren adibide da Ipar Euskal Herrian, Arrangoitzen zehazki, bikote homosexual baten ezkontzak sortutako eztabaida. Jean-Michel Colo auzapezak bien ezkontza gauzatzeari uko egin zion, legeak babestutako jarduna bada ere. Estatu frantsesean sexu berekoen arteko ezkontza eta adopzioaren aurka altxa diren ahotsek ere argi erakusten dute erabateko normaltasuna ez dela oraindik heldu egungo gizartera.

Aldarrikapenak hamaika dira, eta hamaika nork berak izan ditzazkeen eskakizun, zalantza eta beharrak. Horiek guztiak kalera irtengo dira gaur, finean, badagoelako oraindik zer esana.