NAIZ.INFO
MADRIL

Real Madrileko 24 zenbakia da, jada, Asier Illarramendi

30 bat laguneko kuadrila alboan zuela aurkeztu du Real Madril taldeak bere jokalari berria, Asier Illarramendi mutrikuarra. ‘Illarra’ pozik agertu da Real Madrilek berarekiko erakutsi duen interesagatik eta Realarentzat ere esker on hitzak izan ditu.

‘Illarra’ Florentino Pérez Real Madrileko presidentearekin eta 30 laguneko kuadrilak babestuta. (Dani POZO | AFP)
‘Illarra’ Florentino Pérez Real Madrileko presidentearekin eta 30 laguneko kuadrilak babestuta. (Dani POZO | AFP)

Real Madrileko ‘24’ zenbakia ‘Illarra’ da jada. Goizean aurkeztu dute Mutrikuko jokalari berria Madrilen atzo bere talde aldaketa ofizial egin ostean. Talde madrildarrak bera erosteko egin duen «esfortzua» eskertu du Illarramendik eta «umiltasunez eta lanarekin» hamaikakoan tartea egitean saiatuko dela adierazi du.

Errealarentzat ere hitz onak izan ditu berriz Anoetara itzultzen denean izango duen harreraz galdetuta, «orain klub honen parte naiz baina Realean egon naizenean dena eman dut eta harrera ona egingo didatela espero dut», esan du.

Mutrikutik Madrilera

Eremu profesionalean izugarrizko aldaketa izango da ‘Illarra’-rentzat Madrilekoa, baina baita eremu pertsonalean ere. Horrela nabarmendu du mutrikuarrak, «5.000 biztanleko herri batetik nator eta garbi dago dena aldatuko dela, baina ni ez naiz aldatuko», esan du. Madrilen ziren kazetariek ere nabaritu dute nondik zetorren, 30 bat laguneko kuadrila izan baitu aurkezpenean bere babesean.