Naiz.info
Baiona

Jendartearen «aktibazioa» galdegin dute Baionan Estatuen «blokeoa» gainditzeko

Ehunka lagunek bat egin dute Baionan Bake Bideak deitutako manifestazioarekin. Jokin Aranalde, Beñat Atorrasagasti eta Aitor Zubillaga iheslarien kontrako atxiloketak hizpide, «blokeo» egoera gainditu eta prozesuarekin bat egiteko eskatu diete Madrilgo eta Parisko Gobernuei. «Jendartearen aktibazioa» gakotzat jo dute.

Manifestazioaren burua, Baionako karriketan. (Bob EDME)
Manifestazioaren burua, Baionako karriketan. (Bob EDME)

Bake Bideak deituta, ehunka izan dira Baionako Euskaldunen Plazan bildutako euskal herritarrak. Manifestaldia iragarri zuten egunean azaldu bezala, Madril eta Parisko Gobernuek indarrean duten «blokeo» egoera alde batera utzi eta prozesuarekin bat egin dezatela galdegin diete. Izan ere, mobilizazio honen iturburua Jokin Aranalde, Beñat Atorrasagasti eta Aitor Zubillaga iheslarien atxiloketak dira.

Dozenaka dira, halaber, Baionara gerturatu diren iheslari politikoak, eta haiei sostengua ematen, kultura, politika eta sindikalgintza alorreko hainbat ordezkari. Bertan izan dira, besteak beste, Laurence Hardouin abokatua, Battitta Larzabal (Anai Artea), Gabi Mouesca eta Anaiz Funosas (Bake Bidea), Maite Ubiria, Tasio Erkizia, Xabi Larralde, Anita Lopepe (Sortu), Manu Ugartemendia (Herrira), Jean René Etchegaray (Baionako auzapezordea, Modem), Philippe Duluc (EA), Peio Etxeberri Aintzart (EH Bai), Rebeka Ubera (Aralar) eta LABeko ordezkari Eñaut Aranalde.

‘Errepresiorik ez! Bakea orain!’ lemapean, arratsaldeko 16.40ean abiatu da manifestazioa. Pankartaren atzean, Bake Bideko ordezkariak eta Jokin Aranalde eta Beñat Atorrasagasti iheslariak izan dira lehen lerroan.

Manifestazioa Cao Pellepier kaian amaitu da eta bertan, Anaiz Funosas Bake Bideko kidea euroaginduen aurka eta prozesuaren alde «mobilizatuak» jarraitzeko beharraz mintzatu da. Esan duenez, «jendearen aktibazioa da gakoa konponbideari estatuek ezarri blokeoa gainditzeko».