Oihana Llorente
BILBO
Elkarrizketa
Eider Zuriarrain
Epaiaren zain dagoen gaztea

«Baldintza guztietan izan nahi dut ama? Horixe bueltaka izan dudan zalantza»

Eider Zuriarrainek argi izan du beti ama izan nahi zuela. Hala adostu eta erabaki zuen bere bikote Unai Fanorekin aspaldi. «Baina, baldintza guztietan?». Horixe buruan bueltaka, dilin-dalan, eraman duen zalantza. 2010eko otsailetik hona behin baino gehiagotan loa zapuztuko zion galdera da hori.

Eider Zuriarrain. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Eider Zuriarrain. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Ez digu erantzuna zein den argitu behar, bere sabelak dena esaten du-eta. Sei hilabeteko dago haurdun eta bere tripatxoa eusten duen bitartean azaldu digu bere historia.

Zuriarrainek eta Fanok guraso izatea erabaki zutenean bizi zuten egoera ez zen idealena, baina, gure herrian, tamalez, hain ohikoa izanik, ez zen arraroa ere. Unai Fano 2008an atxilotu zuten Estatu frantsesean, eta, estraditatua izan ondoren, hogei urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazional espainolak. Ordutik kartzelan dago hernaniarra.

Guraso izateko pausua ematear zeudenean, amatasuna praktikan ia bakardadean eramango zuela onartua zuen Zuriarrainek. Baina, 2010eko otsailean, Guardia Zibila bere bila etorri eta plan guztiak aztoratu zituen. Guardia Zibilak ez zuen Zuriarrain etxean aurkitu eta Ipar Euskal Herrira joan zen, babes bila. Hilabete gutxiren buruan Seaskan lanean zebilen, bizitza berreraikiz.

Urtebete eman zuen Lapurdin, eta, euroagindua medio, atxilotu eta bost egun eman zituen Muret Seysses espetxean preso. Askatasunak ez zuen gehiegi iraun. Hilabete geroago euroagindua onartu eta Zuriarrain atxilotu eta Espainiaratu egin zuten. Zazpi hilabete eman zituen kartzelan. 

Ipar Euskal Herrian emandako denboran, Fano eta Zuriarrainen arteko harremanak kasik bitartekorik gabe egin zuen aurrera. Kartzelak ez zituen gauzak erraztu eta espetxe desberdinetan egonik, gutun, dei eta familia medio izan zuten elkarren berri. 2011ko urria arte.

Hiru atxiloketa eta urte eta erdi igaro ondoren, Zuriarrain aske gelditu zen fidantzapean. Bizkaira bueltatu zen orduan. Deustura gurasoenera lehenengo, eta, Larrabetzun alokatutako etxetxora, ondoren.

Irakaslea da ofizioz, eta, Guardia Zibila ate joka bere bila joan zenean, egun batetik bestera utzi behar izan zuen lana. Ordezkapenen zerrendetatik kanporatu egin zuten, baina, helegitea jarrita, berriz lortu zuen bertan sartzea.

Bizitza pausatzen zen bitartean, amatasun asmoa egitasmo bihurtzen ahalegindu ziren berriz Fanok eta Zuriarrain. «Baldintzak direnak izanda ere, aurrera egitea erabaki genuen», kontatu digu argi eta harro.

Adina, baldintza erabakigarria

Erabakia hartzerako orduan adina ere baldintza erabakigarria izan zela aitortu digu. «Orain ez bada, agian, ez da inoiz izango. Berriz espetxera baldin banoa, eta bertan, Unairekin egoteko aukerarik gabe zazpi urte ematen baditut, ni ateratzerako 41 urte izango nituzke», azaldu du.

Zorionekoa sentitzen da  haurdun gelditzeko aukera izan duelako. Espetxean zaila da haurdun gelditzea, hilean aukera bakarra izanik, hitzorduak obulazio-garaiarekin bat egitea ez baita lan makala izaten. Zuriarrainek ondoan ditu urteak alperrik saiatzen eman dituzten bikoteak. «Ez da erraza, baina, horretan bederen, zortea eduki genuen guk. Hala ere, ez pentsa, beldurra ere banuen saiatzen hasi ginenean», aitortu digu.

Garai gogorrak bizi ditu Zuriarrainek, errepresioak behin baino gehiagotan egin baitio hozka azken hilabeteetan ere. Aske gelditu eta urtebetera izan zuen epaiketa, 2013ko urtarrilean hain zuzen ere. 2013ko apirila amaieran ezagutu zuen Auzitegi Nazionalaren sententzia: zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra. Berria oraindik asimilatu ez zuenean, pasa den maiatzean, Ertzaintzak atxilotu eta bost egun eman zituen espetxean. Kalean dago orain Zuriarrain, baina ez daki noiz arte. Auzitegi Gorenak epaia ontzat joz gero, espetxera joango da-eta.

Urte zailak izan dira Zuriarrainentzat. «Ipar Euskal Herrira joan eta oraindik kokatu gabe nengoela, atxilotu egin ninduten. Aske gelditu, baina hilabetera berriz barrura. Eta kartzelan, berdin. Espetxera egiten ari nintzenean, kalera. Hemen ere ez naiz erabat lasai: eskaera fiskala, epaiketa, sententzia, atxiloketa, eta, orain, berriz epaiaren zain», laburbildu digu hitz gutxitan. «Era honetako egoerek noski eteten dutela bizitza –jarraitu du kontatzen–. Baina gu gure bizitza erabat eten ez dadin saiatzen gara. Saiakera egiten duzu behintzat, egunak biziz eta erabakiak hartuz».

Zuriarrainek, baina, ez du etorkizunera gehiegi begiratu nahi, egunez egun gozatu nahi du. «Behin erabakia hartuta denari aurre egiten diozu, baina, noski, beti dituzu beldur batzuk presente. Kasu, zazpi urteko zigorra betetzera espetxera sartu beharra badut, 3 urte alabarekin pasa ondoren banatu beharrari ikara diot. Aita, gainera, ez du kanpoan izango. Horri beldurra diot, noski».

Urruntasunetik aitatasuna asimilatzen

Panorama iluna duen arren, Zuriarrain ez dago bakarrik eta lagunen eta familiaren babes osoa sentitzen du. Orain, gainera, haurdunaldia gozatzen ari da. Hamabost egunero Algecirasera daraman autobusa hartzen du Unairekin denboratxo bat partekatzeko. Ostiraletik igandera arte egoten da autobusean sartuta. Ez daki, baina, haurdunaldiak noiz arte utziko dion bidaia maiztasun horrekin egiten.

Bien bitartean, hamabost egunero bere tripatxoa nola handitzen ari den erakusten dio, urruntasunetik aitatasuna asimilatzen ari den Unairi. «Haurdunaldia bikotea fisikoki ondoan ez duzula bizitzea gogorra da batzuetan. Berak ez du egunero tripatxoa handitzen ikusten, ez dago ekografiako momentuetan...», dio penaz.

Unai haurdunaldiaren testigu bilakatu nahi du Eiderrek eta bere esku dagoen guztia egiten du horretarako. «Ekografien argazkiak eramaten dizkiot eta etxeko lanak ere ipintzen dizkiogu elkarri bisita batetik bestera. Aurrekoan, adibidez, hantxe egon ginen izen zerrendarekin borrokan; berak bere izen gustukoak eraman zituen eta ni neureak», kontatu digu irribarrea ahoan.

Zuriarrainek ez du bere erabakiarengatik txalorik nahi, baina ezta kritikarik ere. Euren erabakia da eta errespetua eskatzen du soil-soilik.