Oihana LLORENTE - GAUR8.INFO
BILBO

Bizitza kolokan

Geroa kontrolpean edukitzea segurtasun seinale izan ohi da. 232 euskal herritarrek, baina, ez dakite bihar barrote artean edo aske egongo diren. Batzuk, gehienak, epaiketa zain daude; besteak, epaiaren edo euroaginduaren esperoan. Den-denek, ordea, ziurgabetasun berarekin egin behar diote aurre bizitzari. Orainari eta geroari.

Aner Petralanda, Eider Zuriarrain eta Ibai Esteibarlanda, epaitzeko zain dauden gazteetako hiru. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Aner Petralanda, Eider Zuriarrain eta Ibai Esteibarlanda, epaitzeko zain dauden gazteetako hiru. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Errepresioarekin maiz egiten dute topo euskal herritarrek bizitzaren bide bazterretan. Atxiloketek, inkomunikazioak edota espetxeak norbanakoen larruazaletan eragiten dituzten zauriak ezagunak zaizkigu, ubeldurok begi-bistakoak izan ala ez. Badira, baina, oharkabean pasatzen zaizkigun egoerak. Errepresioaren mamuak eragiten duen ziurgabetasuna, adibidez.

Baldintzapeko askatasuna, prismaren arabera, pozoitutako goxoki bat izan daiteke. Barrote artean bahiturik egon ostean, kaleaz gozatzeko aukera ematen du. Askatasuna, baina, ez da inoiz erabatekoa izaten. Batzuetan oharkabean eta beste batzuetan presenteegi, auzipetuek beti dute espetxean amaitzearen arriskuaren ezpata buru gainean, geroa, zirt edo zart, noiz moztu zain.

Bizitza erdibitu baliete moduan sentitzen dira auzibidean dauden asko. Etorkizuneko egitasmoen aurrean, sarerik ez duten trapezisten antzera: aurrera egin edo bertan gelditu. Zalantzan. Beti zalantzan. Ikasketak, lan ibilbidea edota familia eraikitzeko planak dira errepresioak aztora ditzakeenetako batzuk. Isilean ezkutatzen diren ondorioak izan ohi dira horiek.

221 epaiketaren zain

Egun, abokatuek eskuartean dituzten datuen arabera, 221 dira epaiketaren zain dauden euskal herritarrak. Egozten zaizkien delituak desberdinak izan arren, Batasuna, Segi edota Ekin moduko erakunde politikoetan aritzeagatik daude epaiketa zain horietako ia berrehun. Gainontzekoak, kale borroka edota ETA erakundearekin kolaboratu izana egotzita daude auzibidean.

Irailean abiaraziko den ikasturtean, asko izango dira epaile aurrean jesarri beharko dutenak. Izan ere, urrian Batasuna eta Segiren aurka egingo dituzten makroepaiketetan berrogeina akusatu daude. Horrez gain, zazpi dira Auzitegi Nazional espainolak epaitu eta Auzitegi Gorenaren epaiaren zain daudenak. Lau dira, aldiz, Ipar Euskal Herrian euren aurkako euroagindu edota estradizio eskaera ebatzi zain daudenak. Badira, baina, epaiketa arteko denbora espetxean, modu prebentiboan, igarotzen dutenak ere. Epaitu bitarte, 4 urtez egon daiteke pertsona bat preso, eta asko dira denbora tarte hori barrote artean agortzen duten euskaldunak.

Baldintzapeko askatasuna, arrunki, hainbat neurriz lagunduta dator. Fidantza ordaintzea, gertuen dagoen epaitegian astero edo egunero sinatzeko derrigortasuna, eta, Estatu espainolaren kasuan, handik ateratzeko ezintasuna dira betebehar ohikoenak.

Espetxetik ateratzeko ipini beharreko diru kopurua, 12.000 euroan hasi eta epaileek nahi adinakoa izan daiteke. Arnaldo Otegiri, adibidez, 400.000 euroko bermea ordainarazi zioten 2005. urtean.

Epaitegiek ezartzen dituzten neurriez gainera, baldintzapeko askatasunak eragiten duen ziurgabetasuna da auzipetuen ardura nagusiena. Zalantzazko egoera tartea, gainera, epaileek nahi adina luza izan daiteke. Izan ere, legeak ez du deus arautzen.

Bi fase

Epaiketen gorabeheren berri eman digu Arantxi Aparicio abokatuak, eta, prozedura judizial penalek bi fase dituztela eman digu aditzera: instrukzio fasea eta ahozko epaiketa prestatzeko fasea.

Atxiloketa edo inputatu gisa deklaratzerakoan hasi eta ikerketan oinarritzen den instrukzio fasea izaten da gehien luzatzen dena. Denbora tarte hori sumarioaren tamainaren eta akusatu kopuruaren araberakoa izaten dela argitu digu. «Epaitegiak eginbideak aurrera eraman ohi ditu delitua eta delitugilea ikertzeko», laburbildu du.

Delitu zantzuak egonez gero, ordura arte akusatua zena prozesatu bihurtzen da. Eta, behin instrukzioa itxita, ahozko epaiketa prestatzeko fasea irekitzen da.«Une horretan, Audientzia Nazionaleko zigor arloko sala batera igarotzen da prozedura. Aldeek kausa aztertu eta fiskalak eskaera fiskala aurkezten du, egitateak, delitu egileak eta zigorra zehaztuz; ondoren, defentsak, defentsa idazkia aurkezten du», kontatu digu. Epaimahaia osatuko duten hiru magistratuak dira, baina, proben balizko izaera eta epaiketa eguna zehazten dutenak.

Prozedura nahi adina luza daitekeen arren, badira salbuespen esanguratsuak. 2000. urte inguruan Donostian atxilotu eta hamar urte geroago epaitu zituzten hamalau gazteei edota sarekada prebentiboetan gatibu hartutako batzuei, adibidez, «atzerapen bidegabea» deitutako termino juridikoa ezarri eta kondena murriztu zieten. Prozedura arrazoi eta fundamenturik gabe atzeratu denean eta auzipetuak horren errurik ez duenean, aplika daiteke neurria. Apariciok zehaztu bezala, baina, oso gutxitan gertatzen dira halakoak.