Talde jokoak eta betikoaren bizkortasunak lehen hiru puntuak eman dizkio Athletic-i

Talde joko eder baten ondorioz etorri da Athletic-en lehen gola (Susaeta) eta beti denetan bizkorrena den Iker Muniainen zuhurtasunak bigarrena. 1-2 Valladoliden aurka eta lehen hiru puntuak leoientzat Liga ongi hasteko.

NAIZ.INFO|Valladolid|2013/08/17

Ernesto Valverderen Athletic-ek pasa den denboraldiko kontuak atzera utzi ditu. Hiru punturekin itzuli dira Bilbora leoiak dezente gutxiago egin duen Valladolidi irabazi ostean (1-2).

Markel Susaetaren gola Beñatek orpoz egindako pase baten ondorioa izan da. Hala ere, pozak ez du asko iraun, gutxira berdindu baitu partida Valladolidek (Ebert). Partidak aurrera egin ahala zurigorriak indartsuago ziren, ordea, eta bigarren zatia hasi eta gutxira Iker Muniainek denetan bizkorrena bera dela erakutsi du berriz ere. Arerioaren ate parean galdu antzean geratu den baloiari hanka sartzen bizkorrena bera izan da eta garaipenaren gola lortu du.