NAIZ.INFO
Altsasu

Jai giroan egin diote aurre altsasuarrek Guardia Zibilaren «okupazioa»-ri

Jai giroan, edo ahal den moduan, ospatu dute altsasuarrek Ospa Eguna. Goizaldeko hiruak aldean Guardia Zibilak herriko plaza hartu du eta harrezkero mugimendu oro, eta ekimen oro, gertutik zaindu dute. Alferrikakoa izan da Udalak egoera normaltzeko egindako saiakera.

Herriko gaztek dantzan, atzean guardia zibil bat zelatan. (Raúl BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Herriko gaztek dantzan, atzean guardia zibil bat zelatan. (Raúl BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Espainiak Nafarroan duen ordezkaritzak Ospa Eguna debekatzea agindu ostean, tentsioa eta jaia eskutik joan dira Altsasun. Bezperan, jada, kontrol ugari jarri zituen Guardia Zibilak Altsasurako sarreretan, urte osoko kontrol ugariei segida emanez, eta gaur herria esnatzerako berde kolorez jantzi dute Carmen Alba Gobernuaren ordezkariaren aginduz.

Altsasuko herritarrek NAIZi adierazitakoaren arabera 3.00ak aldean plaza hartu du Guardia Zibilak, herria «garbitu» behar omen zutelako, gazteleraz «vamos a limpiar el pueblo de mierda» esanez sartu omen dira. Tentsio momentuak sirtu dira uneka, Guardia Zibilak izan duen jarreraren ondorioz; hainbat gurasok aurre egin diete, adibidez, jendea grabatzen hastean haurrak ere grabatzen ari zirelako.

Ruben Imaz zinegotzia saiatu da Guardia Zibilarekin hitz egiten, Guaixek adierazi duenaren arabera, hauek baimendutako gauza bakarra bertso-bazkaria zela esan diote. Eguerdiko ekitaldia ezin izan da egin, beraz, baina gainontzeko ekitaldiak egiten saiatu dira. Iluntzerako ‘mani-falla’ ekimena zuten deituta eta Guardia Zibilak helikopteroa ere eraman du ekimena zaintzeko.

Debekua gainditu asmoz Udaleko ordezkariak eta Asun Fernandez de Garaialde legebiltzarkidea Guardia Zibilarekin eta Gobernu Ordezkaritzarekin hitz egiten saiatu dira, baina ez dute emaitzik lortu.

Herritarrek, berriz, jai giroan egin diote aurre debekuari. Guardia zibilen artean dantza eta jokoak egin dituzte eta polizia zalantzan izan da aurre nola egin. Gainera debekua salatzeko argazki erraldoia egin dute herritarrek. Gau partean, egunari dagokion amaiera emateko, kalejira egin dute eta jendetza batu da jai giroko aldarrikapenera; debekuak isildu ez duen Ospa egunera.