Naiz.info
Donostia

‘Gabrielen Lekua’, Arestiren pertsona eta lana batzen dituen ikuskizuna

Gabriel Aresti Kultur Elkarteak eta Zenbat Garak bultzatuta, ‘Gabrielen Lekua’ ikuskizuna larunbatean aurrestreinatuko da Intxaurrondoko Kultur Etxean. Hainbat kultur adierazpide batuko dituen emanaldiak, sortzaile bilbotarraren lana eguneratzea izango du helburu.

‘Gabrielen Lekua’ ikuskizuneko parte hartzaile eta bultzatzaileak, Victoria Eugenian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
‘Gabrielen Lekua’ ikuskizuneko parte hartzaile eta bultzatzaileak, Victoria Eugenian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Bilbo, Baiona, Arantzazu, Atzerria, Ea... euskal literatura, euskal kultura... Eta Gabriel Arestiren izaeraren zein obraren alderdirik garrantzitsuenak bata bestearekin josiko ditu ‘Gabrielen Lekua’ ikuskizunak.

Aresti poliedrikoena azalduko du ordu eta erdi iraungo duen emanaldiak, «haurtzaroa, euskara ikasteko erabakia hartu zuen unea, bere justizia sozialarekiko kezka, obra literarioa, hainbat pertsonekio gutunizketa, euskara batuaren sorrera eta bere ideologia» izango dira ardatzetako batzuk.

Gabriel Aresti Kultur Elkarteak eta Zenbat Garak bultzatutako egitasmoak hainbat kultur adierazpide elkartuko ditu oholtza gainean. Parte hartzaileen artean dira Rafa Rueda musikaria, Andoni Egaña bertsolaria, Oiar Guillan idazlea eta Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreak.

Ikuskizuneko gidoia Guillanek eta Egañak egindakoa da, Gabriel Arestiren testuetatik abiatuta.

Emanaldia larunbatean, hilak 12, aurrestreinatuko da Intxaurrondoko Kultur Etxean, arratsaldeko 20.00etan.