Naiz.info
Donostia

«Garbia izena daraman plataformak garbitik gutxi duela» salatu du Gipuzkoa Zero Zaborrek

Bergara Garbiak asteburuan atez ateko sistemaren inguruan egindako galdeketa irregulartasun ugari egon direla salatu du Gipuzkoa Zero Zaborrek. «Garbia izena daraman plataformak garbitik gutxi duela» ohartarazi du. Galdeketen alde agertu da, hondakinen arazoari irtenbide emango dion kontsulten alde, «ez arazoa konpondu ala ez galdetzeko».

Bosgarren edukiontzia edo atez ateko sistema izan ziren galdeketara eraman zituztenak. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Bosgarren edukiontzia edo atez ateko sistema izan ziren galdeketara eraman zituztenak. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Kritiko agertu da Gipuzkoa Zero Zabor asteburuan Bergaran atez ateko sistemaren inguruan egindako galdeketarekin. Bertan izandako irregulartasunak salatu ditu, eta galdeketa deitu duen plataformari herritarren iritziak eta hondakinen kudeaketak «bost axola diola» leporatu dio.

Gipuzkoa Zero Zaborri ikuskaritza lanak egitea ukatu izana egotzi dio Bergara Garbia plataformari. «Garbia izena daraman plataformak garbitik gutxi duela» salatu du.

Hala, gogora ekarri du herritarren artean eztabaida prozesua abiatu zela hondakinen kudeaketaren inguruan eta sistema mixtoa ezartzea adostu zela nabarmendu du. «Garbiakoek, ez-ikusiarena egin diote adostasunerako eta kontsentsurako ahalegin horri, eta bere galdeketatik kanpo utzi dute, jendeari, ahalegin hortaz irizten dionaz galdetu gabe», esan du.

Gipuzkoa Zero Zaborren aburuz, «demokrazia baten adierazle gorena ez da gehiengoaren borondatearen inposaketa, gutxiengoen oinarrizko eskubideen babesa baizik». Ildo horretan, «inguru osasungarri batean bizitzea, gure osasuna kaltetuko ez duen inguru batean bizitzea alegia, oinarrizko eskubidea da, eta, gaur gaukoz, hondakinen kudeaketan hori bermatzeko aurkeztu diren proposamenek hondakinak birziklatzeko beharra erakusten dute».