NAIZ.INFO
DONOSTIA

Giza eskubideak bermatzea eskatu diote Lyongo espetxeko zuzendariari

Lyongo kartzelan dauden euskal presoek pairatzen duten egoera «larria» dela salatu dute eta jazarpenak etetea eta giza eskubideak bermatzea eskatu diote senide eta lagunek espetxe zuzendariari.

Agerraldi masiboa burutu dute presoen senide eta lagunek.
Agerraldi masiboa burutu dute presoen senide eta lagunek.

Lyon-Corbaseko espetxean dauden euskal presoen lagun eta senideek agerraldia burutu dute Donostiako Herrera auzoan. Salatu dutenez, Lyon-Corbas espetxean «presoen duintasuna zanpatu», eta «bizi baldintza kaxkarrenetan bizitzera zigortzen ditu». Isolamendua eta etengabeko tortura psikologikoaren bitartez «presoaren erabateko suntsiketa» dutela helburu azaldu dute.

Euskal presoek pairatzen duten egoera «jasangaitza» dela esan dute eta horregatik, presoek ekimen ezberdinak burutu izan dituzte salatzeko. Azaldu dutenez, euskal presoek zigor ziegetara beren kabuz joateari uko egitea erabaki zuten zuzendariarekin bildu arte. Zuzendariak aldiz, espetxezainak biidali zituen istiluen antidisturbioz jantzita eta euskal presoak indarrez eta kolpez eraman zituzten zigor ziegetara.

Senideok ere erasoak jasan dituztela salatu dute eta datorren azaroaren 25ean hiru lagun epaituak izango dira. Urtebeteko espetxe zigorra eta 7.000 euroko isuna jaso dezaketelarik kamisetak eramateagatik, bisita gabe gelditu eta atxiloturik eraman ostean.

Egoeraren berri emateko kanpaina bat abiatu zutela azaldu dute eta eskutitz bidalketa masibo bat eta mila sinadura baino gehiago bidali dizkiote espetxe zuzendariari eta beren eskuetan daogen epaileari.

Ildo horretan, datorren larunbatean martxa bat egin behar zuten Lyongo espetxera, baina bertan behera gelditu da, aste honetan euskal presoak espetxe zuzendariarekin elkartu baitira eta erasoak ez direla errepikatu agindu baitie.