NAIZ.INFO
BILBO

Urtarrilaren 11ra begira, hasi dira presoen eskubideen aldeko mobilizaziorako tantak biltzen

Tantaz Tanta ekimenak webgune berria aurkeztu du, datorren urtarrilaren 11ko «itsasorako tantak biltzen» hasteko. Bilbon egingo den mobilizaziorako harpidetza kanpainak «gizarte honen gehiengoaren borondatea bildu» nahi du.

Urtarrilaren 11n giza eskubideen, bakearen eta konponbidearen aldeko mobilizazio erraldoierako atzera kontaketa abiatu du Tantaz Tanta herri ekimenak.

Astelehen honetan ekimenaren webgune berritua aurkeztu dute. Horren bitartez hasi dira urtarrileko hitzordu garrantzitsurako «tantak biltzen».

Gaurtik aurrera, ekimenak «tanta bihurtzeko» gonbidapena egin die «gauzak aldatu eta prozesuari energia positiboa eman nahi dioten pertsona guztiei».

Horretarako, informazio hau osatzen duen bideoak azaltzen duenez, webgunera sartu, ‘Izan zaitez tanta’ atalera joan eta bertan eskatzen diren datuak bete behar dira.

«Proposamena argia da: denok izan gaitezela itsaso honen komunikazio bide, nork bere ingurune sozialean iturburu txikiak antolatu ditzala, sormena erabil dezagula urtarrilaren 11ko hitzordua zabaltzaeko», nabarmendu dute.

Webgunean dauden komunikazio euskarriez gain, info@tantaztanta.info helbidean jasoko dituzte ekarpenak, eta horiek guztiak sare sozialen bitartez zabalduko dituzte, #TantazTanta traolarekin.