NAIZ.INFO
BAIONA

Jendetza bildu da Maulen, Lurralde Elkargoa aldarrikatzeko

Eguraldi eskasari eta garraiolarien protestak errepidean ibiltzeko eragin dituzten arazoei aurre eginez, jendetza bildu da Mauleko kaleetan, Ipar Euskal Herriarentzako Lurralde Elkargoa galdegiteko Batera plataformak deitutako manifestazioan.

Mixel Berhokoirigoin, manifestazio ondoko hitzartzean. (Gaizka IROZ)
Mixel Berhokoirigoin, manifestazio ondoko hitzartzean. (Gaizka IROZ)

Antolatzaileen arabera, 3.500 lagun hurbildu dira Maulera Baterak Lurralde Elkargoaren eta euskararen alde deituriko manifestaziora.

«Mespretxurik ez» eta Lurralde Elkargoarekin batera, euskara ofiziala, unibertsitatea eta laborantza ganbara aldarrikatzen dituen banderolaren atzean bildu dira Batera plataformako kideak.

Beste pankarta baten gibelean, Euskal Herri osoko eragile politiko, sozial, kultural eta sindikalak elkartu dira. Eragile horien artean honakoak izan dira, besteak beste: EAko idazkari nagusi Pello Urizar, Amaia Muñoa (ELA), Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidentea, Xabi Larralde (Sortu), Iñaki Irazabalbeitia eta Rebeka Ubera (Aralar), Frederique Espagnac PSko senataria, Sylvianne Alaux alderdi bereko diputatua...

Errepideetan izan diren arazoen ondorioz, berandu abiatu da manifestazioa, eta aurretik suziriak bota dituzte eta euskal dantzari eta musikariak giroa berotzen aritu dira.

«Hollande, Ayrault kasu, Euskal Herria kexu» oihuen artean «Baionako suprefeta» doinuarekin «Herri bat lurralde bat» aldarrikatzen duen kantuaren doinuak ere entzun dira Xiberoako hiriburuan.

Baterak Parisko Gobernuak Lurralde Elkargoarekiko izan duen «mespretxua» salatu nahi du mobilizazio honekin, eta kolektibitatearen proposamenak gaurkotasuna duela erakutsi.

Bukaerako hitzartzean, Leonie Aguergaray Xiberoako hautetsiak xiberotarrez egin du, Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganbarako presidentea euskaraz aritu da, eta ondoren, Martine Bisatua Baterako kidea frantsesez.

Aguergarayk Xiberoako egoera aztertu du, eta 20 urtetan 3.000 gaztek alde egin behar izan dutela gogoratu du. Baterak Parisen «mehatxua, mespretxua eta diskriminazioa» salatu ditu: mehatxua ikastolei, mespretxua Lurralde elkargoari eta diskriminazioa Alsazian eta Kortsikan proiektu instituzionalak lantzen ari direnean Euskal Herrian alde batera utzia baita.

Lanean segituko dutela agindu du Berhokoirigoinek: «Lurralde Elkargoa sobera landua izan da bertan behera uzteko». Bisautak abenduaren 28an Seaskak Baionan deitu duen manifestaziora joateko gonbitea egin du.

Manifestaziora hurbiltzeko deia eragile anitzen aldetik etorri da, baita Lurralde Elkargoaren sostengatzeko sortu zen Koordinazioa ere, non Hautetsien Kontseilua, Garapen Kontseilua, Auzapezen Biltzarra, Komertzio eta Industria Ganbara, Batera bera eta Marylise Lebranchu ikustera joan ziren hautetsiak biltzen diren.

Gobernuaren ezezkoaren aitzinean ere Ipar Euskal Herriko gizarteak oraindik baturik eta Lurralde Elkargoaren alde dela erakutsi nahi dute gaurko mobilizazioarekin.