NAIZ.INFO
GASTEIZ

EiTBren digitalizazioa bertan behera utzi eta lantaldea osatuko dute EAEk eta Nafarroak

EiTBk Nafarroan TDT bidez emititu ahal izan dezan lantaldea osatzea adostu dute Lakuako eta Nafarroako gobernuek. UPNren arabera, Iñigo Urkulluk Yolanda Barcinari jakinarazi dio sare analogikoaren digitalizazio prozesua bertan behera utzi dela.

Urkullu eta Barcina, azaroaren hasieran Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Urkullu eta Barcina, azaroaren hasieran Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernuak eta Nafarroakoak lantaldea osatzea adostu dute, EiTBren TDT bidezko emisioaren aferari konponbidea bilatzeko, Efe agentziak EAEko Exekutiboaren iturriak aipatuz zabaldu duenez.

EiTBk atzo jakinarazi zuen Nafarroan duen sare analogikoa digitalizatzeko prozesuari ekingo ziola, eta UPNren Gobernua berehala atera zen hori «legez kanpo muturra sartzea» zela esanez. Yolanda Barcina presidenteak ere erabaki hori «legez kanpokoa» dela berretsi du, eta Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, nafarrek edozein telebista kate bai baina ETB ez ikusi ahal izatea ez dela «oso ulergarria» adierazi du.

Adierazpen horien ondorioz etorri da lantaldearen osaketaren berria, Lakuako iturrien arabera. EiTB Nafarroan TDT bidez emititu ahal izateko «lehenbailehen akordioa lortzea» da Urkulluren Gobernuaren nahia.

Digitalizazio prozesua bertan behera

UPNren Gobernuak, berriz, oharra kaleratu du eta bertan dioenez Urkulluk Barcinari iragarri dio sare analogikoaren digitalizazio prozesua bertan behera utzi duela. Agirian dioenez, Lakuako lehendakariak onartu du EiTBko zuzendariak bere erabakiaren berri emateko Barcinari igorri zion gutuna ez zela «behar bada egokia».

Lantaldea «legezko konponbidea» lortzeko osatu dute UPNren arabera.