Aitor Bikandi | Amalur Alvarez | Iñaki Etaio | Igor Goikolea

Hebron

Hebron hirian 200.000 pertsona bizi dira, palestinarrez gain 500 judutar eta 2.000 soldadu eta polizia israeldar daude. Askapenaren aurtengo brigadak hiriaren argazkia jaso du erreportaje honetan, Zisjordaniako hiri hau Palestinako egoeraren adibide esanguratsua delako.

Hebrongo egunerokoa hesiak eta okupazioak gidatzen dute.
Hebrongo egunerokoa hesiak eta okupazioak gidatzen dute.

Hebron (arabieraz, Al Khalil) Zisjordaniaren hegoaldeko hiririk handiena da, bertan 200.000 pertsona bizi dira eta inguruko herriak gehituta 650.000 biztanletako eremuaz ariko ginateke. Palestinar biztanleriaz aparte, 500 judutar ere bizi dira Hebronen, estatu sionistako 2.000 soldadu eta poliziaren babespean. Hain zuzen, azken datu honen gehiegikerian datza Hebrongo egoeraren berezitasuna, Palestina osoan okupazioaren inguruan bizi diren bidegabekeriak era kontzentratuan jazotzen dira hiri honetan, Askapenako brigadak bertan bizi eta ikusitakoak aurkezteko hainbat adibide jaso ditu.


Hebron hiriari “ghost town” ezizena jarri diote, zenbait kaleren irudia dela eta.

Bitan banatutako hiria

1997ko ‘Hebrongo protokoloa’-ren sinatzearekin hiriaren zatiketa etorri zen. H1 sektorea, palestinarren kontrolpeko gunea da. H2 sektorea berriz, Hebrongo azalearen %35a, Israelen kontrolpean dago eta, besteak beste, hiri zaharra eta meskita hartzen ditu bere baitan, honek ekartzen dituen bizikidetza arazoak areagotuz.


Hebron inguruko lurraldeen mapa.

H2 sektore honen barruan, hiri zaharrean, modu batean ala bestean, estatu sionistaren presentzia etengabekoa da, zaintza militarreko dorre, kamara edota checkpointen bitartez, soldadu israeldarrek palestinarren mugimendu ororen jagole dira eta beraien misioa betetzeko praktikan jartzen duten injerentzia-mailaren inguruko ideia zehatza izateko, gauean edozein palestinarren etxeetara sar daitezkeela jakin behar da.


Hiri zaharraren eskema mapan, urdinez kolonoek okupatutako eremuak.

Ibrahim-en meskitan judutar batek eragindako sarraskiaren ondoriozko palestinarren erasoa saihesteko, 1994an judutar eta palestinarrak fisikoki eta legalki desberdintzeko neurriak hartzeari ekin zion. Besteen artean, bertako erresistentzia-ikurra izatera ailegatu den Shuhada Kalea ixtea eta bertako etxebizitzetatik milaka hamarreko palestinar kaleratzearekin batera 1.800 denda eta saltoki galdu zituzten (gaur egun palestinarrek kale honetan 3 denda besterik ez dituzte), bertatik kotxean ibiltzeko debekua ere ezarri zien, eta beste hainbeste gunetan oinez sartzerik ere ez dute. Beste salmenta gune batzuekin ere bukatu dute, ez zuzenean dendak itxiz, baizik eta hiri zaharreko kaletan metalezko ateen bidezko lotura fisikoak eraikiz.


Badia Dwaik, alde zaharreko zonalde isolatzen duen metalezko atearen parean.

Negoziora irekita dagoen hiri zaharreko merkatuaren partean ere kolonoen erasoak pairatu behar dituzte hiritar palestinarrek, azoka osatzen duten eraikinen lehenengo solairuak kolonoen etxebizitzak dira (lehen palestinarrenak izandakoak) eta bertatik mota guztietako gauzak botatzen dizkietenez, zaborra batez ere, sare metalikoa jarri behar izan zuten.


Alde zaharreko merkatua kolonoek jaurtitako zaborraz babesten duen metalezko sarea.

Bizikidetza urratuta, kolonoen erlijiozkotasunaren aginduz

1994ko otsailaren 25an, sabbat judutarren jaieguna zela, Baruch Goldstein mediku estatubatuar judutarrak, Ramadana zela eta Hebrongo Ibrahim-en meskitan palestinarrak otoitz egiten ari zirela, bertara sartu eta 29 arabiar hil eta ehundaka saritu zituen tiro eta granaden bitartez. Ordutik, meskita bitan banatu zuten, zati bat musulmanentzako eta bestea judutarrentzako sinagoga bihurtuta, meskitetan ohikoak diren Koranaren inskripzioak mantentzen ditu.


Ibrahimen meskita, goiko partean zaintza militarrerako prestatutako dorrea, behealdean poliziaren checkpointa.

Meskitara sartzeko ere checkpointa pasa behar da eta baita ezarritako ordutegia errespetatu, tentsio handiak jasan behar izan ditu hiriko gune honek, nahiz eta kokapen erlijioso garrantzitsua izan (judutarrentzako bigarren kokapen erlijiosorik garrantzitsuena da eta musulmanentzako hirugarrena), presentzia militar handia ere badago.


Alde zaharretik Ibrahimen meskitara doan bidean bideoan agertzen den checkpointa zeharkatu behar da.

Hiri barruko soldaduen gehiegizko presentzia eta unitate batzuen harrokeriak erraztuta, palestinarren eta beraien arteko liskarrak piztea ez da arraroa. Brigada oso hurbil zegoela, harri batzuen jaurtiketak zirikatuta soldaduek bortizkeriaz erantzun zuten.


Checkpointetan piztutako istiluei erantzuteko ohikoa baino soldadu gehiago deitzen dituzte.

Izan ere, Hebrongo checkpointetan ziurgabetasuna eta tentsioa ohiko sentsazioak dira, oraindik ere Euskal Herrian hainbatetan polizia indar desberdinen kontroletan ere ematen direnak. gune hauetako arduradunen ausazko jokaerak bai bertako palestinarrek eta baita handik pasatzen diren internazionalek ere jasan behar dituzte.

Asteroko ibilaldi erlijioso-militarra

Palestina osoan armadaren bitartezko ezarpen ugari pairatu behar dituzte palestinarrek eguneroko bizitzan, honek Hebronen hartzen duen dimentsioa adierazteko adibide paregabea da larunbatero judutarren sabbat jaiegunean jazotzen den ibilaldi militarizatua.


Sabbath-eko ibilaldian judutarrak babesteko militarrak eta polizia bertaratu eta alde zaharra hartzen dute.

Beste behin ere, arabiarren ustezko erasoetaz babesteko, Israelgo armadak Hebron eta beste tokietatik etorritako judutarren eta palestinarren artean inongo erlaziorik egon ez dadin, Ibrahimen meskitara doan ibilbidea, parafernalia militar guztiarekin janzten du. 30 baino soldadu gehiagok, gerra egoerarako dirudien ekipamenduarekin batera, sinagogara doan judutarren taldeari eskolta ematen dio, berebiziko misioan baleude bezala bertako palestinarren etxeetara sartzen dira, abantaila taktikoko lekuen bila (ala beste arrazoi ilunen bat dela medio) eta nahiz eta nazioarteko legeen kontra egon, hauenganako mespretxua adierazteko arazorik ez daukate:


Aginduak jarraituz (ala ez?) militarrak palestinarren etxebizitzetara sartzeko eskubidea beretzat hartzen dute.

[Gomendioak jarraitu aurretik: YAS eta Qiryat Arba kolonia eta ‘Firing zone 918’]

«Borrokak darrai»

Hebronen inguruko azalpen labur honek Zisjordaniaren hegoaldeko lurralde hauetan sionismoak apartheid bidezko sistemaren bitartez ezartzen dituen baldintza krudel eta gupidagabeen isla mugatua besterik ez da, Palestina osoan jazotzen denaren adibide, Al Khalil eta inguruetako berezitasunen laburpen honek beste gunetan gertatzen dena oinarri hartuta, inferentzia bidez ondorioztatu daiteke Belen-en, Nablus-en, Gazan, edo Israelen menpeko lurraldetan bizi diren palestinarrek jasan behar dutena.

Gau erdian palestinarren etxeetara ksartzea, checkpointetan egunero lanera joateko ilara amaigabeak, ukatua izatearen arriskua, etxebizitzak eraistea, galdeketak, jipoiak, torturak,... azkenaldi honetan hain modan dagoen arma kimikoen bidezko erasoa ere sufritu behar izan zuten Gazan 2008ko "cast lead" operazioan.

Agresio fisikoetaz gain, oztopo ekonomikoetaz luze mintzatu gintezke, nazioarteko gobernuen babes eskasaz, hain agerikoak diren duintasunaren kontrako erasoetaz,... Horiek guztiak baino, palestinarren erantzuna azpimarratzea ezinbestekoa da, izan ere, etsipena baino, brigadak ikusi, entzun eta sentitu duena ekimen antolatzaileak eraikitzera bideratutako sumina, antolakuntza, irmotasuna, nazio eta nazioarte mailan komunikazio zubiak eraiki eta mantentzeko eginahala, elkartasun sareak ehundu eta aldaketa ekarriko duten baldintzak sortzera bideratutako borroka aurrera daraman herria da, denda aurrean egonda zein liskarren erdian egonda beti eskua eman eta "welcome to Palestine!" ahotan daukan herria, saihestezina zaien abegi onez tea hartzera gonbidatzea borroka bezain errotuta izan eta umore ona sekula galtzen ez duen herria. Borrokak darrai.