Aitor Bikandi | Amalur Alvarez | Iñaki Etaio | Igor Goikolea

YAS: Kolonien aurka antolatutako gazteria palestinarra

‘Youth Against Settlements’ (YAS) asentamenduen aurkako gazte elkartea da. Kontzientziazio lana egiten dute, erresistentzia lantzen dute, Israelen kolonizazio estrategien berri emateko lanean dihardute eta zubilana egiten dute kolonien hedapenaren inguruan lan egiten duten elkarteen eta instituzioen artean. Kale ekintzak, komunikazioa eta lege babesa dira euren lan ardatzak.

Badia Dwaik, Youth Against Settlements elkarteko koordinatzailea.
Badia Dwaik, Youth Against Settlements elkarteko koordinatzailea.

2008an ‘Youth Against Settlements’ taldea sortu zuten, Badia Dwaik eta Issa Amro-k ezarri zituzten oinarriak eta denborarekin geroz eta babes eta jende gehiago bildu zuten, gaur egun 45 pertsonek osatzen dute elkartea, guztiak bolondresak. Urtetan zehar Hebronen gertatutakoek motibatuta eta horrelakoekin amaitzeko xedearekin, sei helburu dituzte euren ekintzen ardatz (ekintza hauek betiere biolentziarik gabekoak direla):

1.- Asentamenduen hedapen eta garapenaren estrategia koloniala ikertzea.
2.- Koloniekin erlazionatutako asmoen inguruenganako eta hauek erdiesteko erabiltzen dituzten konfiskatze eta lapurtze sistemarenganako kontzientziazioa, bai esparru lokalean eta baita globalean ere.
3.- Israelen kolonizazioaren maila guztien kontrako erresistentzia, bai planifikazio zein eraikitzeen kontra.
4.- Israelen kolonizazio plan eta estrategiak agerian jartzea.
5.- Konfiskatze arriskuan dauden palestinarren presentzia bere lurraldetan bermatu eta babestea.
6.- Bertako palestinarren eta kolonien hedapenaren inguruan lan egiten duten elkarte eta instituzioen arteko hutsunea txikiagotzea.

Beraz, kale ekintza, komunikazioa eta baita legalitatearekin erlazionatutako lanak burutzen dituzte. Hiru ardatz hauen artikulazioaz baliatuta lortu zuten hain zuzen garaipen garrantzitsua, gaur egun egoitza bezala erabiltzen duten eraikinaren askapena.

Gaur egun YAS-en egoitza dena 2000.urtean soldadu sionistek okupatu zuten etxebizitza zen, bertako familia kaleratu eta Hebrongo egoera ezagutzeko galdeketak egiteko erabiltzen zuten. Jendeari izua eragiten zion gune hau eta, beldurraren beldurrez, ez zen ezta hurbiltzen ere.

2004an eraikina berreskuratzeari ekin zioten geroago YAS bezala ezagutuko zen aktibista taldeak, astero birritan joaten ziren militarrek okupatutako etxebizitzara protesta antolatuan. 2006an 50 aktibista bildu ziren eta, ohikoa zen bezala, eremua defendatzeko soldaduek jarritako alanbre arantzaduna kentzen hasi eta hango militarrek polizia gehiago deitu zituzten, berezko tentsioa gehiago areagotuz eta azkenean polizien buruaren presentzia ere behartuz. 7 ordutako abagunea eta gero, negoziaketei ekin zioten lehenengoz. Ondorioz, Israelgo autoritateek eraikinaren jabetzaren agiriak eskatu zizkieten, berreskurapena administratiboki oztopatu nahian, baina aktibistek dokumentuak lortu, auzian eraso judizialari aurre egin eta lau hilabetetan beraien aldeko epaiarekin batera okupazioaren aurkako garaipen garrantzitsua erdietsi zuten.

Orduz geroztik erasoak jasan behar izan dituzte etengabe kolonoen partetik, izan ere, kolonoak metro gutxi batzuetara izanda, une oro espero dituzte kolono edota soldaduen erasoak. Brigada han egon eta aste bi lehenago azken eraso handia pairatu behar izan zuten, lehenengoz gomazko balak erabili zituzten beraien kontran.


vIsraelgo militarrek erabiltzen dituzten gomazko bala bat.

YAS-en ekintzak eta kanpainak

Hainbat ekintza direla medio, atxiloketa eta kartzelaratzeen errealitatea ere oso ezaguna zaie. 2011an abiaratutako ‘Freedom Riders to Jerusalem’ ekintzan, besteen artean, brigadaren mintzaide izan zen Badia Dwaik beste behin atxilotu zuten (guztira 10 aldi baino gehiagotan atxilotu izan dute), AEBetan 60ko hamarkadan giza eskubide zibilen aldeko aktibista beltzen ideia, filosofia eta izena mailegu hartuta, Jerusalemera zihoan kolonoen autobusean sartu ziren hainbat lagun, Estatu sionistaren arrazakeria eta apartheida agerian uzteko.


Shuhada Kalean kokatutako base militarra.

Honelako ekintzekin lortzen den oihartzun internazionala beharrezkoa dela deritzote eta ildo honetan, Hebrongo egoera eta bereziki Shuhada Kalearen ingurukoak ezagutarazteko hain zuzen internazionalizazioari ekin diote: 2010ean ‘Open Shuhada Street’ kanpainarekin hasi zirenetik munduan zehar 27 ekitaldi burutu dituzte eta 2011an Hebronen antolatu zuten manifestaldira 2.300 pertsona biltzea lortu zuten.

Tokian tokiko ekintza garrantzitsuak ere badituzte esku artean, adibidez, Hadasa eta Tel Rumeida kolonia judutarren arteko etxebizitza batetan atontze lanetan dihardute, haurtzandegia bilakatu nahi dute eraikin hau.

YAS-en egoitzatik hurbil dagoen eraikuntza txiki hau apartheid politika bitartez hustu zuen Israelek, palestinar biztanleriarik ez duen Shuhada Kaletik hain hurbil egonda, babeserako aukera gutxi izan eta jomuga erraza aurkitu zuten hango familia kaleratzeko. YAS-etik erabilera berria emateko ideia izan eta lanari ekin zioten, elkarteko kideen eta hainbat herritatik etorritako internazionalen laguntzarekin batera, eremuan dagoen zaintza-zerbitzuaren beharrari erantzuna emateko ideia gauzatzeak ematen dien indarrarekin.

Egunerokoan hainbat ekintza burutzen dituzte, heziketara, gizarte-eraikuntzara eta baita aisialdira bideratuta. Ez dute inoren partetik dirurik jasotzen (independentzia politikoa bermatuz), eta eskaintzen dituzten ikastaro eta ekintzengatik ere ez dute dirurik eskatzen. Dohako ikastaroen artean honako hauek aurkitu daitezke: Argazkigintza, ingelera, hebreera, bideo-edizioa, marrazketa,...