NAIZ.INFO
BAIONA

Ipar Euskal Herriko ikastolentzako lege berri bat aldarrikatu dute milaka lagunek Baionan

Seaskak antolatu duen «Ikastalo mani'festak» milaka lagun bildu ditu Baionako Elkarteen gunean. Ipar Euskal Herriko ikastolek bizi duten egoera larria ikusirik, hauek babesteko lege berri bat galdegin dute.

Milaka lagun bildu dira Baionako elkarteen gunean. (KAZETA.INFO)
Milaka lagun bildu dira Baionako elkarteen gunean. (KAZETA.INFO)

Ipar Euskal Herriko ikastolek babes zabala jaso dute Baioan, milaka izan baitira Seaskak antolatutako «Ikastalo mani'festan» parte hartu dutenak.

10.000 talo doan banatu dituzte eta Amaren Alabak eta South Side Familia Ska taldeek giroa alaitu dute.

Seaskako lehendakari Paxkal Indok hitza hartu du, eta ikastolentzako lege berri bat aldarrikatu du, egun bizi duten «egoera larria» baita.

2013. urte hasieran Hendaiako ikastolaren aurkako gertakizuna oroitu du, baita irailean Beskoitzeko Herriko Etxearen eta berriki Hazparneko Herri Elkargoaren aurkako «erasoak» ere.

Indok «erasoa orokorra» dela nabarmendu du, «Arberoa eta Lekorneko ikastola proiektuen» geldiaraztea erabaki baitu Baionako suprefetak.

Ondoren, prefetari, suprefetari, Estatu frantseseko presidenteari, lehen ministroari, Barne Ministeritzari, eta Ipar Euskal Herriko parlamentariei zuzendu zaie Seaskako lehendakaria, beraien «astia agortu» zaiela esanez. «2014an ikastolen egoera legeztatu beharko» dutela azaldu die, «bai ala bai», azpimarratuz Seaska «gehiago onartzeko prest» ez dagoela.

Estatu frantsesak ikastolen garapenak sortutako esperantza «hil nahi» duela esan du Indok, «Estatuak euskara hil nahi» duela eta «lurralde hizkuntzen heriotza nahi» duela gaineratuz. «Ikastolak erasotuz gure izerdiz eraiki dugun hizkuntza politika publikoaren motorra lanjerran emana» dela nabarmendu du.